Aurtengo Donostiako Jazzaldian musika tolosarrak izango du bere tartea. Peachy Joke taldea Zurriolan ariko da, eta Et Incarnatus orkestrak, berriz, Antony and The Johnsonsekin eskainiko du konztertua Kursaalean.
Iñaki Gereñu, Peachy Joke taldeko kidea: «Donostiako eszenatokirik onenetakoan izango da kontzertua, hondartzako agertoki handian»
Peachy Joke talde tolosarrak datorren uztailaren 21ean eskainiko du kontzertua, Jazzaldiko Heineken agertoki berdean, 13:00ean. Zurriolako hondartzako oholtzatik, zuzenean Madrilgo beste emanaldi batera joan beharko dutela azaldu du Iñaki Gereñuk; azken diskoa argitaratu zutenez geroztik agenda bete-betea dute.
Nolatan izan duzue Donostiako Heineken Jazzaldian kontzertua eskaintzeko aukera?
Donostiako antolatzaileek, zerrenda moduko bat ireki zuten, Euskal Herriko taldeek Donostian jo zezaten, bai Jazzaldian, eta baita irailean Igeldon izango den Kutxa Kultur Festival-en ere. Izan ere, lotuta daude bi jaialdiak. Guri, egia esan, gure managerrak deitu zigun, zerrenda horretan gure izena eman eta nahiko azkar deitu zigutela esanez.
Zuen emanaldi asko Euskal Herritik kanpo izaten diren arren, Donostiako Jazzaldian jotzea, nazioarteko ikus-entzuleekin, aukera on bat izan daitekeela uste duzue?
Guretzat kontzertu bat gehiago da. Egia da, Donostiako eszenatokirik onenean izango dela konztertua, hondartzako agertoki berdean, handienean; esperientzia ona izango da, beraz. Hala ere, guk 13:00ean joko dugu, eta beste bi talderen ondoren ariko gara. Larunbata izanda, eguraldi ona eginez gero, jendea izango da gu ikusten, eta ea ondo ateratzen den.
Ikasturte hasieran argitaratu zenuten Asian Tiger Mosquito diska. Nola joan dira azken hilabeteok?
Egia esan, nahiko ondo joan da guztia. Gure ustez, orain arte argitaratu dugun diskorik onena edo landuena izan da azken hau, eta hori antzeman dugu, besteak beste, izan duen oihartzunaren aldetik, egin dizkiguten elkarrizketengatik, hedabideek izan duten interesagatik, eta abar.
Eta kontzertuei dagokienez?
Diskoaren harira sortu zaizkigun kontzertuak asko izan dira, leku askotan jo baitugu. Uztailean bertan, beste bi jaialditan jo behar dugu, eta abuztuan jaialdi txiki batean eta Zarauzko jaietan joko dugu. Uda, beraz, lasaia izango da, baina irailean berriro kontzertu asko ditugu agendan. Oso pozik gaude honegatik guztiagatik.
Eta aurrera begirako proiektuekin lanean ari al zarete jada?
Duela aste pare bat single berri bat argitaratu genuen, The Papas & The Mamas izenekoa, eta era berean, lau abesti zahar formatu akustikoan grabatuta. Udan gaudela kontuan izanda, behar bada ez da garairik onena aipaturikoa kaleratzeko, baina hedabideetatik-eta deitu digute, eta ondo doa guztia. Single berriaz gain, ordea, badira zenbait ideia abesti berriei buruz, eta orain hasi gara grabaketa berri posible batez hitz egiten; 2013an estudioan sartu nahiko genuke. Dena den, ez dakigu zer gertatuko den; taldean aldaketak ere izan berri ditugu, eta beraz, oraindik entsegu asko behar ditugu.
____________________________________________________________________________________________________
Migel Zeberio, Et Incarnatus orkestrako zuzendaria: «Ohore bat izango da, eta azken urteotako lanaren errekonozimendua ere bai»
Aurtengo jazzaldiko izen handietako batekin oholtza berean ariko da Et Incarnatus orkestra: Antony and The Johnsons-ekin eskainiko dute kontzertua. Migel Zeberio zuzendariak, hilaren 22an Kursaalean eskainiko dutena pop ukitu nabarmeneko emanaldia izango dela dio.
Nolatan suertatu zaio orkestrari emanaldi honetan parte hartzeko aukera?
Urte hasieran jaso genuen Donostiako Jazzaldiko antolatzaileen deia. Kontzertu hau egiteko asmoa zutela azaldu ziguten, eta egia esan, hemen inguruan ez dago musika mota desberdinetan ohitua dagoen beste orkestrarik; horretan ari garen bakarretakoak garela uste dut. Beraz, guri eskaini ziguten aukera. Duela lauzpabost urte ere jazzaldian parte hartu genuen beste emanaldi batean; hura jazz kontzertua izan zen, baina hilaren 22koak pop kutsu handiagoa izango du.
Eta zer dakar zuentzat, aurtengo jazzaldiko izen handietako batekin oholtzan aritzeak?
Ohore handia da, eta azken urteotan egin dugun lanaren errekonozimendu moduko bat badela ere uste dut. Eta bai, egia da, jaialdiko izarretako bat izango dela; mediatikoki, emanaldirik arrakastatsuenetakoa izango dela dirudi, gainera. Izan ere, zalantzarik gabe, oso musikari ona eta goi mailakoa izateaz gain, gaur egun mundu mailan oso harrera ona duen musikaria da; ikusi besterik ez dago, sarrera guztiak bi egunetan nola agortu ziren, bai bertako eta baita kanpoko jendearen eskariz ere.
Kontzertu honetan parte hartzeak nolabaiteko bultzadarik emango dizuela uste duzu?
Egia esan, urte dezente daramatzagu jada lanean, eta ibilbide nahiko finkoa daramagu, gauzak etenik gabe eginez azken hamasei urteotan. Ez dakit bultzadarik izango ote dugun edo ez, izan ere, gauza hauek ez dira sekula jakiten. Lan ona egitea espero dut, eta horrek ordainen bat izatea. Sari pertsonala, esperientziagatik behintzat, ziur jasoko dugula.
Antony and The Johnsons-ekin errepertorio bateratua eskainiko duzue?
Bera kontzertu hau eskainiz munduan zehar dabil, eta berak emanaldi horretarako orkestrari egokitutako 25 kantu inguruko sorta bat du. Horrela beraz, berak duen materiala guri bidali digu, eta guk obra horiek guztiak prestatu ditugu. Berak, emanaldiaren aurretik aukeratuko du kontzertuan zer jo nahi duen, eta aukera zabala izango dugu beraz. Hau, ordea, ohikoa izaten da horrelako elkarlanetan. Beraz, gure lana kantu horiek ondo prestatzea izango da.
Eta nola egingo dituzue entseguak?
Berak lantalde oso zabala eskatu du, eta 40 musikari ariko gara guztira orkestran; hori ez da oso gauza sinplea antolatzeko, eta beraz, Donostiako Antzoki Zaharrean egingo ditugu hainbat entsegu. Izan ere, ikuskizuneko beste zati garrantzitsu bat eszenografia izango dela uste dut: argiak, dekoraziorako elementuak,... Badirudi Antzoki Zaharrean froga egin nahi dutela aurretik.
Emanaldi honez gain, Et Incarnatusen agenda beteta al dago?
Bai, bai. Egia esan, nahiko urte oparoa izaten ari da, orkestrarentzat, 2012a. Abuztuaren 3an Zarautzen ariko gara Escuderoren omenezko beste emanaldi batean, eta datorren ikasturte hasierarako ere baditugu jada, hainbat proiektu martxan. Kontua da, gure egitasmo gehienak bakarrak eta berriro errepikatzen ez direnak direla. Lana, beraz, handia izaten da, emanaldi bakoitzerako orkestrak errepertorio berria prestatu behar izaten baitu.