Munduko hamaika txokotako hamabost lagun euskara ikasten hasi ziren, duela hilabete inguru, Nik ere Euskaraz Lanean egitasmoaren barruan, Ereite elkarteak Tolosan duen egoitzan.
Duela hilabete inguru hasi ziren, Ereite elkarteak Tolosan duen egoitzan, hamabost bat lagun euskara ikasten.
Munduko hainbat txokotatik datoz, beste ama hizkuntza batzuk dituzte, eta azalaren kolorea ere bai. Guztiek, ordea, badute batzen dituen zerbait: Euskal Herrian bizi eta lan egiten dute, eta euskaraz ikasi nahi dute.
Tolosako Udalak antolatuta, eta Banaiz Bagara elkartearen eta EMUNen eskutik, Nik ere Euskaraz Lanean (NEL) egitasmoan parte hartzen ari dira euskara ikasle hauek. Naiara Etxeberria irakaslearen eskutik, asteartero-asteartero jasotzen dituzte eskolak, helburu garbi batekin: «Euskara ez dakiten langileak, bezeroak euskaraz artatzeko gaitzea da gure nahia». Izan ere, proiektua bereziki zuzendua dago merkataritzako eta ostalaritzako langileei.
Etxeberriak azaldu duenez, iaz lehen froga pilotua egin zuten Donostian, antzeko egitasmo batekin, eta «emaitza txukunak eman zituela ikusita, egitasmoa zabaltzea» erabaki zuten. Horrela beraz, Banaiz Bagara elkartearen metodologia, EMUNen lan munduko eta hizkuntza portaeren inguruko esperientziarekin uztartzen dute saioetan. «Merkatari eta ostalariek lanerako behar duten hizkuntza da lantzen dena, eta euskara ikasteaz gain, euskararekiko eta hizkuntzarekiko jarrerak ere lantzen dira, ezinbestekoa iruditzen baitzaigu ikasleen motibazioa, hizkuntza bat ikasi eta honen erabilera bultzatzeko», nabarmendu du Naiara Etxeberriak.
Egitasmoaren aurkezpenean Inaki Irazabalbeitia Hizkuntza Politika eta Hezkuntza batzordeko zinegotziak azpimarratu zuenez, «programa berritzailea» da martxan dagoena, eta Tolosa eta Tolosalderako egokia iruditu zaio udalari: «Inguru euskalduna izanik, egokia eta beharrezkoa iruditzen zaigu, azken urteotan eskualdera etorri diren pertsona horiek euskarara eta euskal kulturara hurbiltzeko».
Batetik, etorkinak eurak erosoago sentitzea da jomugetako bat, eta, era berean, euskaraz egiteko gaitasuna eskuratzen badute, «euskararen geroa ere ziurtatzeko bidea» izango dela uste dute.
Hizkuntza jarreraren garrantzia
Astean bi orduko saio bat egiten dute ikasleek. «Enplegatuekin burutzen ditugun saioak praktikoak direnez, taberna eta dendetako elkarrizketetan oinarritutako adibideak lantzen ditugu eskoletan», dio Naiara Etxeberria irakasleak.
Honenbestez, erabat zentratzen dira, langileek egunerokoan eta lanean erabiltzen dituzten hizkuntza funtzioetan: agurrak nola egin, nola eskatu, nola erantzun, prezioak nola esan,... Naiara Etxeberria irakasleak denda edo tabernetako elkarrizketen simulatzeak egiten ditu ikasleekin, hauek trebatu eta lotsa galtzeko: «Astez aste helburu txikiak jartzen ditugu, errealitatean probak egiten has daitezen».
Ikasleek esparru profesionalera mugaturiko lexiko eta mintza praktikez gain, ordea, euskara ikastearen motibazioak ere pisu handia du NEL egitasmoan: «Gure ustez, oinarrizkoa da hizkuntza batekiko jarrera ona izatea, ikasi ahal izateko», azaldu du Etxeberriak. Hau lortze bidean, lanketa bereziak egiten dituzte ikasleen beren ama hizkuntzen inguruan, eta hizkuntza ohituren inguruan gogoeta ere egiten dute; hitz batean, hizkuntza jarrerak ere, hizkuntza bera ezagutzearen garrantzia bera duela helarazten saiatzen dira.
Hizkuntza jarrera honen harira, hain jatorri desberdinetako pertsonak mahai beraren bueltan biltzearen garrantziaz ere aritzen dira. «Tolosan bertan jaiotako bakarren bat badagoen arren, ikasle gehienak kanpotik etorritakoak dira; batzuek urte asko daramatzate hemen, eta beste
batzuek, berriz, ez hainbeste. Galizia, Herrialde Katalanak, Santander, Asturias, Kuba, Maroko, Sevilla, Honduras, Nikaragua,... Munduko hainbat txokotako jendea elkartzen da astero, denok batzen gaituen helburua lortzeko bidean: euskara ikastea. Askotan azpimarratzen dugun ideia da hori, jatorri askotako pertsonak garela, eta euskarak batu egiten gaituela», nabarmendu du Etxeberriak.
Klaseetatik kaleko bizitzara
Langileak bezeroekin euskaraz aritzera iristeko nahia duten arren, Etxeberriak argi dauka «ezinezkoa dela euskara bi orduko hamasei saiotan ikastea».
Hau dela eta, NEL programak badu bigarren zati moduko bat. Hamasei saio hauek egin eta gero ere, langileek euskara ikasten jarrai dezaten, antolatzaile eta irakasleek enplegatzaileekin lan egin nahi dute: «Enplegatzaileekin jorratuko dugu, eurek nola lagun diezaieketen lankide edo enplegatuei eguneroko lan orduak probestuz, euskara ikasteko prozesuak aurrera jarraitzeko dezan».
Irakasleak, garrantzia berezia eman dio zati honi: «Askotan ikasle hauek ez dute euskaraz hitz egiteko aukerarik izaten euren lanorduetatik kanpo, eta horregatik uste dugu ingurukoek asko egin dezaketela, pertsona hauen jabekuntza prozesuan».