Gardentasuna eskatu du EAJko udal taldeak azken urteko balorazioa egiterakoan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko uztailaren 10a

Bildu-Aralarren agintaldia berrikusi dute Tolosako Udaleko zinegotzi jeltzaleek

Bilduk eta Aralarrek osatutako udal gobernuak agintean daraman legealdiko lehen urtea baloratu du EAJko udal taldeak, eta besteak beste, gardentasuna eskatu dute, batetik, informazio batzordetan, eta, bestetik, parte hartzea kudeatzerakoan.

EAJren ustez, «tolosarren interesak defendatzeko zeregin asko» daude, eta azken urte betean helburu honi begirako lanik ez dela egin nabarmendu dute. Horrela beraz, pasa den ekainetik hona Tolosako Udalak egindako lanaren artetik, hamar puntu nabarmendu dituzte jeltzaleek. «Hamar kontu hauetan, hutsuneak daude gure ustez», azaldu du Jokin Azkuek.

Hasteko, udal gobernuak parte hartzea kudeatzeko izan duen modua kritikako du EAJko udal taldeak: «Ez dago irizpide garbirik, kontsulta noiz egingo den edo ez erabakitzeko». Era berean, informazio batzordetan zenbait gai ez direla eztabaidatzen diote, hainbat osoko bilkuretan aipatu izan duten moduan.

Udalaren egoera ekonomikoa ere izan dute hizpide. Azkuek, Tolosako Udalaren egoera ekonomikoa ez dela kezkatzekoa azpimarratu du: «Egoera, oro har, leku guztietan da txarra, eta udalak zorra baduen arren, epe luzerakoa da».

Garbiketari dagokionez ere, Bilduk eta Aralarrek gauzak ez dituztela ondo egin dio EAJk: «Kale garbiketaren ordenantza aldatu nahi dute, baina oraindik ez dute ezer egin, eta Tolosa gero eta zikinagoa dago». Honen harira, hondakinen bilketaz ere aritu da EAJ, eta bosgarren edukiontziaren alde egitearekin batera, Aralarri dei egin dio: «Gai honetan erantzukizuna du, bere botoa erabakiorra da. Legealdi hasieran esandakoa betetzea espero dugu, hau da, erabakiak hartzerakoan tolosarren erdiari bizkarra ez ematea».

Honez gain, normalizazioan eta bizikidetzan, inbertsio planean edo turismoaren esparruan behar adina jarduera ez dituztela antolatu azpimarratu dute jeltzaleek.

Aurrera begira, berriz, beste hamar proposamen egin dituzte EAJko zinegotziek, eta, besteak beste, enplegua sustatzeko planak, bizikidetzarako oinarrizko testua adostea eta urte anitzeko plan ekonomikoa nabarmendu dituzte.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!