Ekainaren 5a Ingurumen Egun bezala izendaturik dago. Tolosan, DBH 4. mailako 22 lagunek, egun horretan, biodibertsitatearen inguruko inkesta egin zuten Tolosako kaleetan. Galdetegia bi orduko tartean egin zuten, eta 277 laguni eskatu zien euren iritzia.
Galdetegiak bildu eta aztertu ondoren, ondorioak kaleratu dituzte. Aldez aurretik, parte hartu zuten herritar guztiei eskerrak eman nahi izan dizkie, biodibertsitatea zer den hobeto ezagutzen lagundu izanagatik. Lehen galdera, hain justu, horixe izan zen: Zer esan nahi du biodibertsitateak? Ikasleek jasotako erantzunak horrela bildu dituzte: «Gazteek hobeto ezagutzen dute hitzaren esanahia, beharbada geneak, espezie, ekosistemen eta biodibertsitatea bezalako hitzak gaur egun lehen baino askoz zabalduago daudelako gizartean, eta termino hauek gehiago lantzen direlako eskoletan».
Espezie inbaditzaileen, hegaztien, landareen eta abarren inguruko galderak ere egin zituzten inkesta honetan. Horrez gain, Tolosako Elosegi parkearen inguruan aritu ziren: Udalak erosi duen Elosegi parkearekin zer egitea gustatuko litzaizuke? Honela laburbildu dituzte herritarren erantzunak: «Etxeak, aparkalekuak edo gune komertziala eraikitzeko aprobetxatuko lukete batzuk. Besteek, zoo bat edo lorategi botanikoa jarriko lukete turismoa erakartzeko. Hala ere, gehienek tolosarren gozamenerako prestatuko lukete berdegune hau, formatu desberdinetan: merendero bat jarrita, haurrentzako parke bat, gazteentzako egokitutako gunea, adinakoentzako egokitutakoa,… gehienenek paseatzeko, lasai egoteko, bankuak jarrita atsedena hartzeko, oso toki aproposa dela uste dute».
Galdeketarekin biodibertsitatearen alde egin beharra dagoela ikusi zuten ikasleek, eta informazioa ardatz, horretara gonbidatu dituzte herritar guztiak.