Topic zentroan egiten ari diren Unima Udako Eskolaren barruan, Neville Tranter (Warwick, Queensland, Australia, 1955) ari da ikastaro nagusia ematen, Txotxongiloaren indarra izenekoa. Tranter australiarra da izatez baina 1978tik Herbereetan bizi da, bertako Festival of Fools izeneko jaialdian emanaldiak egin ondoren, Europan bizitzeko hautua egin baitzuen. Stuffed Puppet taldea sortu zuen 70eko hamarkadan, eta izen horrekin jarraitzen du lanean. Bera da taldeko txotxongilolari bakarra, eta txotxongiloekin batera antzezten du. Helduentzako obrak egiten ditu. Azkenaldian hainbat ikastaro ematen ari da txotxongiloen munduan.
Zergatik egiten dituzu helduei zuzendutako obrak?
Haurrentzako emanaldiak egiten prestatu nintzen, baina sentitu nuen posible zela helduentzako txotxongiloekin antzerkia egitea, eta orduan erabaki nuen bakarrik helduei zuzendutako obrak egitea. Ez daude talde asko hori egiten dutenak.
Zailagoa da helduentzako egitea?
Bai, heldu askok ez dakielako beraien zuzendutako txotxongilo antzerkia dagoenik. Horregatik erabaki nuen horretan bereiztea. Baita ere nire jakin-minarengatik, hau da, ikusteko zer egin daitekeen arlo horretan.
Ikuslego mota horrek asko exijituko du, ezta?
Nire esperientziagatik guztiz posible da helduentzako txotxongilo antzerkia egitea. Txotxongiloek zerikusia dute gizakiaren gizatasunarekin. Eta txotxongiloak dira gizatasuna erakusteko erreminta bikainenak. Hain justu, txotxongiloekin lan egitean antzerkiaren sustraietara zoaz. Beraz, heldua baldin bazara ere, eta ez baduzu behin ere txotxongiloekin egindako antzezlan bat ikusi, posible da ikusten duzunarekin bat egitea.
Eta nola lortzen da hori?
Gorputzaren lengoaiaren eta arketipoen bidez. Horiek bide oso unibertsalak dira, edonork ezagutzen ditu. Antzezlanak egin izan ditudan herrialde guztietan ezagutzen dituzte.
Zenbat denbora daramazu ikastaroak ematen?
Azken hamar urteetan ari naiz. Hasieran ez zitzaidan gustatzen, lehen aldi horretan lan asko suposatu zuelako. Orain asko maite dut irakastea, eta agertokira eramaten dudan magia irakatsi dezaket. Oso teknikoa da, prezisio handia behar da.
Alde teknikoa izan daiteke zailena?
Txotxongiloekin ari zarenean, eskuekin lan egiten duzu, eta antzerki mota oso fisikoa da. Ikusteko berezia da, irudiak sortzen dituzu, eta gainera oso irudi indartsuak sortu ditzakezu, gizatasunaren metaforak izan daitezkeen irudiak. Horretarako txotxongiloak erreminta ezin hobeak dira, modua topatzen baduzu.
Nolatan etorri zara Tolosara ikastaroa ematera?
Topic zentrotik gonbidatu naute. Asko bidaiatzen dute eta obra asko ikusten dituzte. Frantziako Charleville Mézieres herrian mundu mailako jaialdi garrantzitsuena egiten da eta bertan ikusi ninduten.
Nondik etorritakoak dira ikastaroan dituzun ikasleak?
Brasil, Uruguai, Italia, Zeelanda Berria, Espainia, Euskal Herria... hainbat lekuetatik etorri dira ikasleak. Txotxongiloekin lan egitea komunikazioarekin lan egitea da. Antzerkia niretzat komunikazioa da. Txotxongiloekin antzezlana oso ondo egiten baduzu, ikuslegoak sentitzen du gauza berri bat ikusten ari dela, lehenengo aldiz gertatzen ari den gauza baten lekuko direla. Freskotasun hori dute txotxongiloek.
Eta hori irakasten diezu.
Bai. Adibidez: aktore moduan nire eskuari begiratzen badiot eta gero ikuslegoari erakusten badiot, ez du esanahi handirik; baina txotxongilo batek hori egiten duenean, hau da, bere eskuari begiratzen dioenean eta bere eskua erakusten duenean, eta bere ezustekoa azaltzen dioenean ikuslegoari, gauza erabat ezberdina da. Txotxongiloak gizakia irudikatzen du, eta ematen du ari garela ikusten gizaki bat bere eskua lehenengo aldiz ikusten ari dena.
Nola egiten duzu praktikan irakaskuntza hori?
Zeno izeneko txotxongilo bat erabiltzen dut; aspaldi berarekin antzezlanak egiten nituen. Hasiera batean teknika erakusten dut, baina benetan irakasten dudana da nola egin txotxongiloa bizirik dagoela irudikatzeko. Hori egiteko teknika ikasi behar dute: lerroak, angeluak, prezisioak. Horretarako egunero ikasleek antzeztu egiten dute.
Haurrentzako ere ikastaroak ematen dituzu?
Ez, haurrekin ez dut lan egiten. Aktoreei, txotxongilolariei, opera abeslariei, abeslariei... erakusten diet. Bi opera zuzendu ditut Suitzan, eta abeslariei txotxongiloekin antzezten erakutsi nien. Ikastaro bat eman nuen opera abeslariei zuzenduta, eta berehala ikusi nuen txotxongiloak eta opera oso lotuta daudela.