Pasa den asteburuan Tolosako Usabalgo igerilekuan infantil mailako Euskal Herriko txapelketa jokatu zen. Tolosaldea IKTkoak urte guztian egindako hobekuntza erakusteko gogo biziz azaldu ziren. Bikaina izan zen asteburuan lortutako marken hobetzea eta jasotako domina piloa. Eta erakustaldiari bukaera bikaina emateko nesken taldea gainontzeko hogeita hamar taldeei gailendu zitzaien taldekako sailkapen orokorrean.
Uztailaren 18 eta 22 artean jokatuko den Espainiako Txapelketarako bederatzi igerilari sailkatu ditu Tolosaldea IKTk. Beñat Bidaola 200 libretan, Julen Urretabizkaia eta Xabier Beitia 200 bizkar proban, Nerea Esandi 50 eta 100 libretako probetan, Ane Gonzalez 100 eta 200 bizkar probetan, eta Nerea Rodriguez 200 libre, 100 bizkar eta 200 bizkar probetan. Marina Etxarri bere aldetik, bular estiloko 100 eta 200 probetan ariko da eta errelebotako probetan Elene Cuadrado eta Maialen Mujika izango dira Bartzelonako igerileku olinpikoan igeri egingo dutenak.
Tolosaldea IKTtik gaineratu dutenez, Euskal Herriko Txapelketako antolakuntzan «bikain aritu zen guraso taldea. Eskerrik asko gurasoei eta zorionak igerilariei».