Asuncion klinikak elikadura ohiturei buruzko mahai ingurua egingo du

tolosa 2012ko uztailaren 4a

Tolosako Asuncion klinikak Osasun Gaiak ekimena jarri zuen abian ekaina hasieran. Programaren barruan hilero gai bat jorratuko dute «modu erraz eta

eraginkor batean osasuna zabaltzeko» eta ekainekoa Osasuna elikatu lelopean egin dute. Ekaineko kanpaina bukatzeko bihar, osteguna, mahai inguru bat egingo dute Zerkausian, 19:00etan.

[/caption]

Mahai inguruaren helburua osasuna eta elikadura ohiturei buruzko hainbat gomendio ematea da eta hiru izango dira hizlariak: Luis Angel Samaniego klinikako zainketa intentsiboko guneko burua, Cristina Perez Garaye Asuncioneko dietetika eta elikatzeko aditua eta Roberto Ruiz Frontoi jatetxeko sukaldaria.

Horiek horrela, bihar Zerkausira gerturatzen denak, Ruizek prestatutako jakiak dastatu ahal izango ditu. Asuncion klinikak aurreratu duenez, sukalde mugikor bat jarriko dute Zerkausian eta mahai inguruan hitz egiten dutena praktikara eramateko jakiak prestatuko ditu Ruizek bertaratzen direnen artean banatzeko.

Dietetika adituaren hitzak

Asuncioneko arduradunek esan  dutenez, klinikako dietetika eta elikatze adituak elikaduraren inguruan izaten diren mito faltsuen inguruan hitz egingo du. «Ogiak gizentzen duela eta dieta disoziatuek oinarri zientifikoa dutela gezurra da», argitu du adituak. «Elikadura ohiturak, osasuntsuak izateaz gain, erakargarriak izan behar dira, eta gure zentzuek –ikusmena, usaimena, dastatzea eta baita entzumena ere– bizitu behar dituzte, plazerra eta ongizatea eraginez», gaineratu du. Perez Garayek kalitateko elikagaietan oinarritutako dieta anitzak defendatzen ditu otorduekin ez aspertzeko, «dieta bat anitza ez bada normalean alde batera uzten baita», esan du.

‘Osasuna elikatu’ kanpaina

Biharko hitzorduarekin bukatuko da, beraz, Osasuna elikatu kanpaina. Ekainean burutu dute, eta hainbat jarduera egin dituzte, ostiraletan klinikan bertan banatutako fruituak esaterako. Era berean, dietetika adituak eta Ruiz

sukaldariak errezeta osasungarriak eta elikadura taulak prestatu dituzte ekimenerako.

Uztailean eta abuztuan ez dute ekimeneko kanpainarik egingo, baina irailean Zaindu zure bihotza izenpean jarduerak egingo dituzte, urrian Negu garbia lelopean, eta azaroan Eri kronikoak: diabetea izango da jorratuko duten gaia.

Egonaldi ertaineko gunea

Bestalde, Asuncion klinikako arduradunek uztailaren 1etik beste zerbitzu bat eskaintzen dutela azaldu dute: egonaldi ertaineko ospitalizatze gunea. Azpiakututako gaixoei zuzendutako gunea da, hau da, pertsona helduei, eta patologia zein medikatze askokoei, jasan ohi dituzten gaixotasun kronikoengatik ahul egoten direnak. «Gaixo hauek beren osasun  bilakaeran arazoak izateko arriskua daukate, eta arreta zehatza eta egonaldi luzeko ospitalizatzea behar izaten dute guneren batean», azaldu dute. Horiek horrela, azpiakututako gaixoak hiru taldetan banatzen direla ere azaldu dute: eriondo fasean dauden gaixoak, birgaitzea behar dutenak, eta bizitzaren amaieran zainketa aringarriak behar dituztenak. Gune berriaren helburua «Tolosaldeko gizarte zerbitzuekin elkarlanean, etxera itzultzean gaixoen gizarte ingurunea hobetuko dituzten irtenbideak bilatzea izango da, bai etxean bertan, eta baita erietxeetan edo bestelako  osasun guneetan ere».

Orain arte era honetako gaixoak Donostiako Ospitalera joaten ziren eta baita Matia Fundazioara edo Gurutze Gorrira ere. Orain ordea, Tolosan bertan izango dute zerbitzua Asuncion klinikak azaldu duenez. «Gaur egun, urtero, 50 gaixo gehiago mugitzen dira klinikatik Donostiako osasun guneetara. Egonaldi ertaineko gune berrian, mota honetako Tolosaldeko eri guztien beharrez arduratu ahal izango dela uste dugu, batez beste, urtero, 35 eguneko 100 egonaldi izaten dira, eta guztiak artatu ahal ditugu», gaineratu dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!