Ereite Elkarte Kulturanitzak ate irekien jardunaldia antolatu du larunbat honetarako, ekainak 30, 18:00etatik aurrera. Tolosako San Esteban auzoan duten egoitzan izango da jaia.
2005. urtean sortu zen Ereite elkartea, kultura elkartruke elkarte moduan lan egiteko asmoz. Azken urteotan taldea eta beren jarduerak geldirik egon diren arren, elkartea bera eta beren helburuak berriro martxan jartzeko asmoa dutela nabarmendu dute arduradunek.
Besteak beste, kultur aniztasunaren garrantzia nabarmendu nahi izan dute ate irekien jardunaldiko antolatzaileek, berau «guztion onura» dela esanez: «Ereite Elkarteak aniztasuna bultzatzen du, nagusiki elkarren arteko errespetua jorratuz».
Horrela beraz, atzerritar nahiz euskaldunak gonbidatu nahi dituzte, antolatzen dituzten afarietara, txangoetara, hitzaldietara, proiekzioetara, gastronomia nahiz dantza jaietara, ikastaroetara eta erakusketetara.
Larunbatean, beraz, 18:00etatik aurrera, San Esteban auzoko 20. zenbakian, Lanbide bulegoaren ondoan, duten lokalean, ate irekien jaia izango da, eta munduko musika entzuteko aukera izango da, besteak beste.
Bertan, elkarteko bazkide egiteko aukera ere eskainiko dute, bi argazki eta NANaren fotokopia bat eramanez gero.
Informazio gehiago eskuratzeko 685 75 05 61 telefono zenbakira dei egin daiteke, eta baita multiculturalereite@yahoo.es helbidera idatzi ere.