Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde (TOPA) koordinakundeak, eskualde mailako manifestazioa antolatu du larunbat honetarako, «eskualdeko herritarren eskubideen aurka doazen neurriei
ezezkoa adierazteko». Mobilizazioa etzi izango da, 12:00etan, Trianguloa plazatik abiatuta.
Azken urte betean egiten ari diren bide beretik, TOPAk osasun zerbitzuen pribatizazioa salatu du berriro ere. Eskualdera begira jarriz, lehenik, «espezialitateen anbulatorioa deseginez» hasi zirela salatu dute, eta «Asuncion klinikarekin egindako hitzarmenarekin jarraitu» dutela gaineratu dute bozeramaleek.
Modu honetara, Asuncion klinikako eta Gipuzkoako gainerako eskualdeko ospitale publikoetako langileria konparatu, eta Asuncionen, gaur egun, langileen %53a falta dela salatu dute. Honi, azken hilabeteotan herritarrengandik jasotako 600 kexak eta «hitzarmena sinatuz geroztik luzatzen joan diren itxaron zerrendak» gehitu dizkiote: «Kardiologia eta traumatologiako lehen kontsulta baterako, hiru hilabete itxaron behar da».
Modu berean, Mariano Raxoiren gobernuak hartutako neurrien aurkako aldarriak ere izan dituzte hizpide: «PPren gobernuak osasun sistemaren aurkako neurri berriak inposatzen dizkigu ostiralero». Besteak beste, unibertsaltasunaren, berdintasunaren, eskuragarritasunaren eta birbanaketaren aurkako neurriak hartu izana salatu dute.
Horrela beraz, «kudeaketa publikoko eskualde ospitale publikoa, nahiz espezialitateen anbulatorioa erabat hornitzea eskatzeko», TOPAk eskualdeko herritar guztiak gonbidatu ditu manifestazioan parte hartzera.
Manifestaziorako atxikimenduak
Amarozko auzo elkarteko zuzendaritza
Aralar
Bidasoako 15M asanblada
Tolosaldeko 15M asanblada
Berdinbide
Beti Gazteak erretiratu eta pentsiodunen elkartea
Bilgune Feminista
Bonberenea
CCOO sindikatua
CNT-AIT Gipuzkoa
sindikatua
Ekologistak Martxan
ELA sindikatua
Eusko Alkartasuna (Tolosa)
Galtzaundi Euskara Taldea
Harizpe erretiratu eta pentsiodunen elkartea
Iturriza Tolosako Helduen Elkartea
LAB sindikatua
LAB pentsiodunak
OSB (Opción Sindical Base)
Otsabio
Sanblaspiko gazte asanblada
Tolosaldeko Bildu
Tolosaldeko ezker abertzalea
Tolosaldeko Zero Zabor plataforma
Zahartzaro duinaren aldeko plataforma