Berazubi estadioa eraberritzeko lanak epe laburrean hasiko dituzte

tolosa 2012ko ekainaren 27a

Gaur aurkeztu dute Tolosako Berazubi estadioa eraberrituko duen proiektua. Lehen faseko obrak, uda ostean hastea aurreikusten dute.

[/caption]

Kirol gune irekia izango da, eta etorkizunean ere kirolari lotutako estadio izatea ahalbideratuko dute obra hauek.Urte luzeetako proiektua ia gauzatzear dago. Iraila alderako obrak lizitatu eta lanean hastea espero dute. "Lehenago izan dadin saiatuko gara", adierazi du Ibai Iriarte alkateak. Usabal kiroldegiarekin komunean kudeatuko dute Berazubiko estadioa. Herriari irekia izango dela, eta "gizarte gastua" dela dio Iriarte alkateak.

Aurkezpenean, Ibai Iriarte alkatea eta Peio Etxabe kirol zinegotziarekin batera, Iñaki Arratibel Tolosa CFko lehendakaria, Asier Bakaikoa Tolosa Lantzeneko teknikaria eta Pepita Esnaola Muñoa fundaziokoa izan dira.

Kirol ikuspegitik, zahartua eta urte askoan berritu gabe egon da Berazubi.

Funtzionala izatea nahi dute, eta eraikin estaliak sortuko dituzte lehen fasean egingo diren obrekin. Besteak beste, padeleko pistak, eta gimnasia egiteko gelak izango ditu Berazubi berrituak. "Negua luzea da, eta beharrezkoa ikusten zen eremu estaliak izatea", adierazi dute.

Lehen faseko lanek zortzi bat hilabete iraungo dute, eta 1,1 milioi euroko kostua izango du.

 

Udaletik, diru laguntzak lortzeko ateak jotzen jarraituko dutela nabarmendu dute. Eta Muñoa fundazioarenak dira Berazubiko estadioaren lurrak, eta "eskerrak" eman ditu Iriarte alkateak: "izan duten prestutasunagatik eta gertutasunagatik, eta baita eskaini duten laguntzagatik ere".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!