Datorren uztailaren 7an hasiko da, emakumezkoen Euskotren Liga, Portugaleten (Bizkaia), eta Tolosa-Getaria traineruko arraunlariak estropada horri begira daude, gainerako taldeekiko erreferentziak hartzeko.
Iazko denboraldi bikainaren ondoren, Euskotren Ligako postua ziurtatua izan du aurten taldeak, eta beraz, ez dute sailkapen estropadarik jokatu beharko; hain zuzen ere, sailkapen estropadako hiru traineru onenekin lehiatuko dira neska tolosarrak eta getariarrak, udako estropadetan.
Taldekideei dagokienez, zenbait arraunlarik taldea utzi duten arren, TAKeko nahiz Getariako emakume gazte batzuk hasi dira aurten traineruan, eta azkenean lortu dute taldea osatzea.
Ioana Alijostes arraunlari tolosarrak azaldu duenez, «aurtengo neguan lehorrean lan handia egin dugu: gimnasioan, ergometroan, korrika...». Tolosarrei eta getariarrei beste urte batzuetan baino gehiago kosta zaie elkartzea, ikasketak, lana eta bestelakoak medio. «Trainerilletan hasi arte ez gara getariarrekin elkartu, eta iaz baino gutxiago aritu gara uretan elkarrekin», dio Alijostesek.
Euskotren Ligako postua aurreko denboraldiaz geroztik ziurtatuta izateak eragina izan du horretan, arraunlarien ustez: «Sailkapenaren presio hori ez dugu sentitu, eta uretako lana iaz baino beranduago hasi dugu aurten. Garai honetarako zailduago ginen iaz».
Horrela beraz, uztailaren 7ko estropada mugarri moduko bat izango da eurentzat: «Bertan elkartuko gara guztiok, eta erreferentziak hartzeko estropada izango da Portugaletekoa; aurtengo erronketarako geure burua neurtzeko modua izango da».
Alijostesek Pasai Donibaneko emakumeek egindako prestakuntza lana nabarmendu du, eta Galiziarrekin ere adi egon beharko dutela uste du. Uztailaren 7a, beraz, datozen estropadetarako erreferentziak hartzeko eguna izango da.
Bide beretik, Tolosa-Getaria traineruaren lorpenak, TAKeko gaztetxoentzat ere erreferentzia izango dira. Pasa den igandean, San Joan eguneko estropadak izan ziren, eta Getaria eta Tolosaren arteko lagun arteko lehiaz gain, Tolosaldeko Arraun Klubeko harrobiko gaztetxoek bateletako denboraldiari amaiera eman zioten.
Arraun klubak, harrobiko kideek egiten duten lana nabarmendu nahi izan du: «Hiru kategoriatan lehiatzen dira, eta bakoitzean batel bat baino gehiagorekin». Gainera, «hutsaren truke eta arraunerako zaletasunari esker» TAKek duen lan taldeari ere eskerrak eman nahi izan dizkiote klubeko arduradunek.
Iazko denboraldia iruditan
2011ko uda gogoangarria izan zen Tolosa-Getariako emakumeentzat, besteak beste, Euskotren Liga irabazi baitzuten.
Pasa den ostiralean, iazko denboraldiko irudiak biltzen dituen DVDa aurkeztu duten Topic zentroko aretoan. Entrenamenduak, testigantzak, eta hainbat une hunkigarri ikusteko aukera eskaini zuen proiekzioak.