Amarozko Antzerki Astean, haurrei zein helduei zuzendutako emanaldiak

Imanol Garcia Landa 2012ko ekainaren 26a

Amarozko Antzerki Artisauak taldeak hamalaugarrenez antolatu du Antzerki Astea. Aurten, familiei zuzentzeaz gain, berriro helduei zabaldu die egitaraua, eta gaur hasi eta igandera arte hainbat emanaldi antolatu dituzte.

Amaroz auzoko Pailaztana Klown Taldeak egingo du lehenengo emanaldia, gaur, Neskeraz lanarekin. Helduentzako antzezlana da, eta bertan mundua emakumeen ikuspuntutik irudikatuko dute. Bihar, Intujai Teatroren eskutik txotxongilo tailerra izango da, adin guztiei zuzenduta. Tailerrean parte hartzen dutenek antzeztoki txiki bat eta txotxongilo pare bat egingo dituzte. Gauean, Tolosako antzerki tailerraren Tic-Tac taldeak eta Gasteizko VanTaRe taldeak (Javi Estebanek tolosarrak sortutakoa) hiru antzezlan motz emango dituzte, helduei zuzendutakoak. Karmakros talde zumarragarrak ostegunean haurrei zuzendutako kontakizunak emango ditu. Egun honetarainoko egitaraua Amarozko auzo etxean egingo dute.

Auzoko festak hastearekin batera, kalea bihurtuko da Amarozko Antzerki Astearen agertoki. Ostiralean Sanbhu talde iruñarrak haurrei zuzendutako emanaldia emango du. Larunbatean, aurretik Amarotzen egondako Los Kikolas taldeak testurik gabeko antzerkiaren eta akrobazien eta esku jokoen bidez alaituko du arratsaldea. Azkenik, igandean, asteari amaiera magikoa emateko, Mago Diego eta Jon Zabal magoek «gertuko magia» erakutsiko dute.

Egitaraua

Ekainak 26

22:15. Pailaztana Klown Taldearen Neskeraz lana.

Ekainak 27

19:00. Intujai Teatroren txotxongilo tailerra.

22:15. Tic-Tac taldearen Zoriontasun itsua, eta Vantare taldearen Oh fortuna eta Al otro lado del espejo.

Ekainak 28

19:00. Karmakros taldearen Karmakros kontuetan.

Ekainak 29

18:30. Sanbhu taldearen Kataklown.

Ekainak 30

17:00. Los Kikolas taldearen Sin remite.

Uztailak 1

17:00. Mago Diego eta Jon Zabal magoen Magia de cerca.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!