Herritarren artelanak, Aranburun

Imanol Garcia Landa 2012ko ekainaren 22a

Tolosako Aranburu jauregian 300dik gora artistek euren artelanak erakusgai dituzte. Kultur tailerretan parte hartu dutenek eta Goienetxe fundazioko eguneko zentroaren erabiltzaileek zintzilikatu edo jarri dituzte euren obrak: margolanak, komikiak, eskulanak, argazkiak, ehoziriak eta zeramika. Asteartetik larunbatera izango da zabalik, 17:30etik 20:30era, uztailaren 7a arte. Herenegun arratsaldean egin zuten inaugurazioa, eta bertan Ibai Iriarte alkateak kultur tailerretako ikasleak zoriondu zituen, eta herritarrek kultur eraikinak bete behar dituztela azaldu zuen.

Leire Markinez pintura eta eskulanen irakaslea da kultur etxean, orain zortzi urte. Ikasle gehienak emakumezkoak direla dio Markinezek, «adin batetik aurrera. Gazte jendea ere badago eta ni saiatzen naiz urtero gazte jendea tailerretan parte hartzera animatzen».

Kultur tailerretako ikasleak erakusketaren aurretik urduri egoten direla dio Markinezek: «Beraientzako garrantzitsua da oso erakusketa hau. Azken finean, urte guztian beraiek margotzen egoten dira etxekoentzako, eta erakusketa honek suposatzen du bere margolanak etxekoez aparte beste askok ikustea. Hori gauza handia da beraiek, artista bezala, pausoz pauso dihoaztelako, eta beraien lanak ere egon daitezke erakusketa batean. Motibazio bat da beraientzat».

«Bat gehiago»

Goienetxe fundazioko eguneko zentrora joaten direnek ere parte hartzen dute erakusketan. Aurretik erakusketak egin dituzte, eguneko zentroan bertan eta GKo galerian. Orain Aranburun jarri dituzte ikusgai bere lanak, eta horrek duen garrantzia nabarmendu du Mertxe Amiano eguneko zentroko arduradunak: «Gure asmoa komunitatean integratzea da, komunitatean bat gehiago izatea, alegia. Pertsona bat gehiago bezala ezagutaraztea da gure nahia eta ez urritasunarengatik, baizik eta dugun gaitasunarengatik».

Eguneko zentrora joaten diren batzuk ere kultur tailerretan parte hartzen dutela dio Amianok. Eguneko zentroko kideek «ilusioz bizi dute erakusketan parte hartzea», esan du Amianok. «Denek batera jarri ditugu artelanak, denak nahastuta, elkarri laguntzen. Eta denak bat gehiago sentitu dira, eta harro ere bai, Aranburu jauregian jarri direlako artelanak».

Eguneko zentrora adimen urritasuna duten pertsonak joaten dira, eta Amianok azaltzen duenez, «arteak beste edozeini bezala laguntzen die garapenean: adieraztea, libreago sentitzea, gustuak garatzea... Gure helburua eguneko zentroan bizitza aberatsa izan dezaten lortzea da, bere desioak, beharrak eta gaitasunak garatzeko. Zenbaitzuk garapen hori artearen bidez egiten dute».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!