"Postontzia ireki eta hara! Gutun anonimo bat! Kanpoaldean Atez ate ez!, Zikinkeriarik Ez, Tolosa Txukun! eta Birziklapena Bai! moduko mezuak datoz idatzita. Barruan, berriz, atez ateko sistemaren aurkako firma bilketa helburu duen ekimena azaltzen du, eta beherago nire izena, abizenak, NAN-a, eta sinadura idazteko tartea. Ez hori bakarrik, eskuorria postaz zigilurik gabeko gutun bezala auskalo nora bidaltzeko eskatzen dute.
Asaldaturik nago! Nork bidali du hau! Sinatu gabeko eskuorria da, helbiderik gabekoa. Bidaliko al zenizkioke zure datu pertsonalak eskuorrian azaldutakoarekin ados egonda ere ezezagun bati? Norberarenak diren datuen babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak babesten al gaitu honen aurrean? Eskuorrian datuak sinadura bilketarako baino ez direla erabiliko esaten da. Firmatu gabeko dokumentuak dioenaz fidatuko al naiz? Herri-ekimen lelegilea arautzen duen martxoaren 26ko 3/1984 Lege Organikoa betetzen al du ekimen honek? Orain arte ezagututako firma bilketa serioek notario baten presentzia eskatu dute, eta noski, firmatu nahi izanez gero, pertsonak hara bertaratu behar du. Bestela lortutako sinadura guztiak ondoren notario bati egiaztatzeko erakutsi. Baina ze asmo dago atzean?
Eskuorrian bertan azaldutako zenbait gauza komentatu nahi nituzke. Hasteko, atez atekoa inposaketa dela dio, %24-a birziklatzetik %80-ra pasatzea denon aurkako neurria balitz bezala, errauste planta erabat demokratikoa da noski, kontutan hartuta alderdi guztiak presente egon zirela. Osasungaitza omen da, zer hondakin mota sortzen dugu ba? Arazoak hondakin guztiak nahasterakoan sortzen dira. Intimitatea babestu nahi dutela dio, hondakinen artean zer bota nahi dute ba? Lotsatzeko moduko zerbait? Edukiontziek eskaintzen duten anominotasunetik at guk sortutako hondakinen arduradunak gu geu gara. Zikina dela dio. Hernani eta Usurbileko zenbait irudi jaso eta haiekin Photoshop muntaiak egitea oso portaera garbia da. Eskuorrian edukiontzi garbien marrazkiak ageri dira, ez al zuten benetako edukiontzi garbirik aurkitu argazkiak ateratzeko? Zikin dagoena da zikina. Dena egon daiteke garbi edo zikin, dena. Zabor turismoa sortzen omen du, izan ere askoz erosoago da etxeko hondakinak jaso eta kotxez beste herri batera eramatea etxeko atari ondoko zitzilikarioan uztea baino. Bilketa sistema garestiagoa dela dio, bai, hori egia da, izan ere langile gehiago behar dira lanpostu gehiago sortuz, baina ondorengo onurak kontutan hartu behar dira, eta kudeaketa guztia aztertuta merkeago dela ohartuko ginateke. Hernanikoei galdetu ea ondorioz tasak igo ote zaizkien.
Hau bidali duenak Tolosan alarma piztuz krispazioa sortu nahi du herritarron artean, eta horretarako portaera iruzurtiak erabiltzen ditu. Arduragabekeria galanta erakusten du jarrera honek, alde batetik herrian sua piztu eta gero ardurak beste baten teilatuan uzten dituztelako, eta bestetik, dokumentu hauek sinatu gabe plazaratuta ez dutelako idatzi eta esandakoen ardurarik hartu nahi. Horra manipulazioaren adibide garbi bat.
Iturri ezberdinetatik irakurri eta sistema ezberdinak hurbiletik ezagutzeko aukera izan dut, eta atez ateko bilketa sistemaren aldekoa naiz, gauzak horrela garai honetan dagoen sistema egokiena dela uste dudalako. Izan ere zaborren arazoari aurre hartu eta denontzako onurak mahai gainean jartzen dituelako ezkutuko interesak alde batera utzita. Baina noski, hau nire iritzia besterik ez da.
Mesedez joka dezagun garbi gure artean, tolosar guztioi errespetua zor zaigu eta. Ongi pasa sanjoanak eta besarkada handi bat!"
Beñat Elosegi Ortiz de Zarate.