Pello Odriozola preso tolosarrari «biziarteko zigorra» ezarri diotela salatu du Herrira mugimenduak eta aske uzteko eskatu du. Herrirak azaldu duenez, Odriozolak «2008ko uztailaren 2tik aske egon beharko luke, baina Parot Doktrina aplikatu eta bere askatasunaren eguna 10 urtez atzeratu zuten». Hori dela eta, ekimenak antolatu ditu aste honetan eta hurrengoan, Odriozolaren askatasuna eskatzeko. Ekimenen artean, hilaren 30ean, Odriozola preso dagoen Zuera espetxera joango dira, presondegiaren aurrean ekitaldia egiteko.
Herrirak gogora ekarri du Odriozolak 24 urte daramatzala «lau pareten artean bahitua», eta 197/2006 doktrina «mendekuaren legedia» dela esan du. «Giza eskubideen ikuspegitik begiratuz gero ulertezina da espetxeko politika anker hau», esan du, eta gaineratu: «Mendekuan oinarritutako espetxe politika hau, presoak suntsitzera bideratuta dago, pertsona suntsitu eta ingurukoak zigortu».
Herrirak «are ulertezinagoa» ikusten du espetxe politika, «Euskal Herriak bizi dituen garaiei erreparatuz gero». Herrirak dioenez, «azken garaietan argi ikusi da herritarren gehiengoa euskal presoen eskubideen alde lerrokatu dela». Espetxe politika horri buelta emateko «giltza eskuetan dutenak» herritarrak direla esan du. «Guztion ekarpenekin lortuko dugu kartzelan pairatzen diren eskubide urraketak gainditzea. Guztion aktibazio eta inplikazioa beharrezkoa izango da erronka handi bezain desiratu hau aurrera eramateko», gaineratu du presoen eskubideen aldeko mugimenduak.
Espetxean beste 10 urte
«Espainian ez dago biziarteko espetxeko zigorra ezarrita, baina praktikan biziarteko zigorra ezarrita dagoen estatuetan baino urte gehiago pasatzen dituzte presoek espetxean: 30 urte edo gehiago», zehaztu du Herrirak. 1973ko kode penala interpretatzeko modua Espainiako Auzitegi Gorenak 2006an aldatu zuela nabarmendu du Herrirak: «30 urteko topearen gainean aplikatu beharrean erredentzioak, zigorraren osotasunari aplikatzen hasten dira. Beraz, praktikan erredentzio sistema horrek ez du efekturik eta 30 urte osorik bete behar dituzte presoek».
Hamabost urtetik gora espetxean egotea «osasunarentzako txarra dela dio Europak», esan du Herrirak, eta gogora ekarri du «euskal preso politiko asko» daudela hamabost urtetik gora daramatenak bahituta Espainiako eta Frantziako espetxeetan. Herrirak gaineratu duenez, «psikologikoki bortitza da presoekin horrela jolastea: bat batean espetxean beste 10 urte gehiago egin behar dituzula esatea».
Horrela, Odriozolaren egoera salatzeko antolatu dituen ekimen horiek guztietan parte hartzeko gonbidapena egin die Herrirak eskualdeko bizilagun guztiei. «Denon artean lan eginez lortuko dugu gure herriko eserleku hutsak betetzea», adierazi dute Herrira mugimendutik.
Ekimenak
Ekainak 22, ostirala
19:00. Tolosako Plaza Berrian elkarretaratzea egingo dute, Biziarteko zigorrik ez! Pello herrira lelopean.
Ekainak 26, asteartea
19:00. Tolosako udaletxearen aurrean, Plaza Zaharrean, agerraldi masiboa.
Ekainak 28, osteguna
19:30. Tolosako kultur etxean hitzaldia antolatu dute, biziarteko zigorraren inguruan.
Ekainak 30, bihar
08:00. Zuerako espetxera autobusak aterako dira. Autobusean joateko, izena emateko zerrendak ohiko lekuetan
12:00. Espetxe aurrean ekitaldia, eta ondoren, itzulerako bidean, bazkaria Tutera inguruan.
19:30. Eskualdeko manifestazioa Tolosako Trianguloa plazatik abiatuta, Biziarteko zigorrik ez! Pello herrira lelopean.