Velma Powell bluesaren sorterrian jaio zen, hau da, Chicagon. Oso gazterik hasi zen kantuan, eskolako eta elizako abesbatzan. Spiritual eta Gospelean formazioa hartu zuen ondoren, jazza eta bluesa kantatzeko. Ameriketako Estatu Batuetako hamaika aretotatik pasa ondoren, berehala iritsi zen Powellen oihartzuna Europara. Arrakasta lagun, herrialde gehienetan bere ahots zoragarriaz gozatzeko aukera izan dute, eta hilaren 30ean, Tolosak izango du ohore hori; Tolosandblues 012 jaialdiari esker.
Hiru egun iraungo dituen blues jaialdia ekainaren 29an hasiko da, Down Town Trio-ren eskutik. Tolosako Udala aritu da zortzigarren edizio hau antolatzen, eta urtero bezala, herriko tabernarien laguntza izan du. Koordinatzaile lanetan, Iñigo Martin aritu da, eta guztiek, tabernarien ekarpena eskertu zuten, krisi garaian azpimarratzeko laguntza eskaini dutelako.
Tolosandblues 012ko egitarauari dagokionez, guztiek aipatu zuten Velma Powellen maila. Iñigo Martinek talde guztien maila goraipatu zuen, eta White Towels Blues Bandi buruz, jaialdiko ezustekoa izango direla azaldu zuen. Hondarribiko taldearen blues elektrikoa eta Lisi Garcia abeslariaren ahots berezia nabarmendu nahi izan zituen. Cumellas eta Talaveraren maila ere azpimarratu nahi izan zituen Martinek, aurrez ere, Tolosan izanak direla gogoratuaz.
Egitaraua
Ekainak 29, ostirala
22:30ean. Down Town Trio, Euskal Herria plazan.
00:00etan. White Towels Blues Band Frontoi kafetegian.
Ekainak 30, larunbata
13:00etan. Joan Pau Cumellas eta Miguel Talavera Ilargi Tabernan.
20:00etan. Belceblues Euskal Herria plazan.
22:30ean. Velma Powell & Bluedays Plaza Berrian.
00:00etan. Joan Pau Cumellas eta Miguel Talavera Maria Luisa Agirre plazan, Tontokalean.
Uztailak 1, igandea
13:00etan. Joan Pau Cumellas eta Miguel Talavera Ilargi Tabernan.