Jon Altuna: «Belaunaldi berriei lan egiteko beste modu bat erakustea da gure helburua»

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko ekainaren 21a

Kalea izan ohi da, Bonberenea Txarangaren oholtza. Bihar, ordea, Bonbereneako agertokian ariko dira, taldeak azken urteotan egindako lana gogora ekarriz.

Bonberenea Txaranga duela bederatzi urte sortu zenez geroztik, bertako kidea da Jon Altuna (Tolosa, 1987). Azken hilabeteotan zuzendari lanetan ari da taldean, eta bihar, 22:30ean, Bonberenean eskainiko duten Etxean zuzenean emanaldi bereziaz aritu da Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariarekin.

Kontzertu berezia izango da bihar Bonberenean eskainiko duzuena. Zer ikusi ahal izango dute bertaratuek?

Beti pentsatu izan dugu kalean jotzea edo emanaldi bat egitea desberdinak direla, eta bide horretan, orain arte egindako lanak bilduz, kontzertu bat egin nahi genuela erabaki genuen. Azken urteotan egindako lanaren lagin moduko bat izango da, beraz, emanaldia.

Izan ere, hamaika egitasmotan parte hartu du txarangak bere ibilbidean.

Bai. Beti kalean aritzen gara jotzen, kalean egiten ditugu gure saioak. Datorren urtean, hamar urte beteko ditu txarangak. Azken urteotan, nahikoa lan egin dugu, eta lan horren emaitza dira  argitaratu ditugun hiru diskoak: Bonberenea Txaranga (2005), Rocka ta urrezko komona (2008) eta Pirritx, Porrotx eta Mariomtots & Bonberenea txaranga (2011). Lan hauez gain, bestelako kolaborazioak ere egin ditugu, besteak beste, Gose taldearekin edo Martin Larralderen diskoan. Bihar eskainiko dugun kontzertuaren bidez, ordea, zerbait berezia egin nahi izan dugu. Azken finean, txaranga berezia garela uste dut; lagun artean eta urte gutxitan lan asko egin duen txaranga. Gauza bereziak egin ditugu orain artean: bertsioen bidez rock munduarekin uztartu genuen txaranga bigarren diskoan, eta azken urte honetan, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin aritu gara. Azken egitasmo honekin, euren emanaldi batzuetan jo izan dugu, antzokietan edo bestelakoetan.

Eta emanaldi hau bera, beste agertokiren batean errepikatzeko asmorik ba al duzue?

Iazko udaz geroztik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen kantuekin ari gara, diskoa eurekin promozionatzen ari baitgara. Biharko emanaldiaren bidez gure ibilbidearen nolabaiteko laburpena egingo dugun arren, oraindik ere, urte bukaerara bitarte, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin hainbat emanaldi hitzartuta ditugu. Eurekin ditugun azken emanaldiak egin ondoren, azkenaldian lan dezente egin dugunez, atseden pixka bat hartuko dugu. Baina posible da, kontzertu formatu horri buelta batzuk ematea, eta biharkoa oinarri hartuz, aurrerago, beste kontzerturen bat eskaintzea.

Bonberenea Txaranga sortu zenez geroztik, belaunaldi berrietako musikariak ere sartzen joan dira, ezta?

Bonbereneak guri aukera eman zigun, duela bederatzi urte, txaranga osatu eta lan egiteko, eta guk aukera bera eskaini nahi diegu atzetik datozenei ere, txaranga eta familia handituz. Izan ere, Tolosan eta inguruan, musika ikasten duten gazte asko daude, baina ohiko banda edo inauterietako txarangaz haratago, belaunaldi berriei lan egiteko beste modu bat erakustea da gure helburua. Honekin batera, noski, musikalki eurek haztea nahi dugu. Horregatik, geronek animatzen ditugu gazteak txarangan parte hartzera, gure baloreak ezagutu ditzaten.

Zenbat kide zarete gaur egun?

Azken finean, lagun kuadrilla handi bat sortu dugu. Hasiera-hasierakoen artetik, batzuk jada ez dauden arren, txaranga ez du inork erabat uzten. Batzuk jarraikortasun gehiagorekin aritzen gara, baina bada urtean bi edo hirutan etortzen denik ere. Bonberenea Txaranga familia handi baten modukoa da, eta guztiok osatzen dugu taldea: urtean bitan etortzen direnek, eta emanaldi guztietan parte hartzen dutenek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!