Pello Odriozolari "biziarteko zigorra" ezarri diotela salatu du Herrira mugimenduak

Imanol Garcia Landa 2012ko ekainaren 20a

Pello Odriozolari "biziarteko zigorra" ezarri diotela salatu du Herrira mugimenduak eta aske uzteko eskatu du. Herrirak azaldu duenez, Odriozolak "2008ko uztailaren 2tik aske egon beharko luke, baina Parot Doktrina aplikatu eta bere askatasunaren eguna 10 urtez atzeratu zuten". Hori dela eta, ekimenak antolatu ditu aste honetan eta hurrengoan, Odriozolaren askatasuna eskatzeko.

Hilaren 22an, ostirala, Tolosako Plaza Berrian elkarretaratzea egingo du, 19:00etan, Biziarteko zigorrik ez! Pello herrira lelopean. Hilaren 26an, asteartea, Tolosako udaletxearen aurrean, Plaza Zaharrean, agerraldi masiboa egingo dute, 19:00etan. Hilaren 28an, osteguna, Tolosako kultur etxean hitzaldia antolatu dute, 19:30ean, biziarteko zigorraren inguruan. Hilaren 30ean, larunbata, 08:00etan Zuerako espetxera autobusak aterako dira; 12:00etan, espetxe aurrean ekitaldia, eta ondoren, itzulerako bidean, bazkaria Tutera inguruan; 19:30ean, eskualdeko manifestazioa Tolosako Trianguloa plazatik abiatuta, Biziarteko zigorrik ez! Pello herrira lelopean. Autobusean joateko, izena emateko zerrendak ohiko lekuetan daudela azaldu du Herrirak, eta eskualdeko bizilagun guztiei gonbidapena egin die ekimen guzti horietan parte hartzeko. "Denon artean lan eginez lortuko dugu gure herriko eserleku hutsak betetzea", adierazi dute Herrira mugimendutik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!