Udaltzaingoak hartu du hirigintza ikuskaritzaren ardura, Tolosan

tolosa 2012ko ekainaren 20a

Tolosako Udalak hirigintzako ikuskaritzen ardura, hemendik aurrera, udaltzaingoak bere gain hartuko duela jakinarazi du. Udalaren berrantolaketaren barnean, sailen zereginak berraztertzeari ekin dio udal gobernuak, «ahalik eta zeregin gehienak barneratu eta egituren eraginkortasuna» sustatu asmoz.

Horrela, orain arte hirigintza arloko ikuskaritza, hau da, baimendutako edota antzemandako obretara egiten diren ikustaldiak hirigintza sailak berak gauzatu izan baditu ere, hemendik aurrera udaltzaingoa izango da ardura hori bere gain hartuko duena. Hartutako erabakiarekin, batetik, Hirigintza sailak orain arte kanpotik kontratatu behar izaten zituen hainbat lan egiteko baliabideak askatzen dira. Bestetik, udaltzaingoaren «izaera herritarra» sustatzen da, udal gobernuaren irizpideei jarraiki, «beronek izan behar baitu udalak kalean duen solaskide gertukoena», udaletik azaldu dutenez. Beraz, udaltzaingoaren ikuskaritza jasotzen duenak ez duela inolako zigor prozeduraren adierazletzat hartu behar dio udalak, «hemendik aurrera ohikoa izango den ikuskaritza prozedura gisa baizik».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!