Jose Maria Jimeno Juriok Tolosako ohitura eta tradizioak gertu-gerturik ezagutu zituen, bere ikerlari sena asetzeko, eta beste lan batzuen artean, Tolosa Historia y Folklore idatzi zuen. Gaur eguerdian, Tolosako kultur etxean aurkeztu du liburuaren berrargitalpen osatua Pamiela argitaletxeak.
Aurkezpenean, Juan Antonio Urbeltz, Juantxo Agirre Mauleon, Ibai Iriarte, Roldan Jimeno semea eta Jose Mari Gorrotxategi izan dira. Guztiek azpimarratu dute Jimeno Juriok Euskal Herriko kultur ondarea ezagutu eta berreskuratzeko egin zuen lana, eta Iriarte Tolosako alkateak berebiziko garrantzia eman dio honi: "Herri batek bere iragana ezagutu behar du, etorkizuna eraiki eta sortzeko".
Horrela beraz, eta San Joan jaien harira, Tolosako bordondantza berreskuratzeko Udaberri dantza taldeko kideekin batera egindako lana hizpide izan da aurkezpenean. Besteak beste, San Joan eguneko dantza hau izango da liburuko protagonistetako bat, eta orain arte argitara gabe zeuden bizpahiru artikuluz gain, Juan Antonio Urbeltzen sarrera ere baditu edizio berriak.