Futbolean zein arraunean, euskaraz

Imanol Garcia Landa 2012ko ekainaren 19a

Galtzaundik kanpaina abian jarri du kirola euskaraz egiteko, eta bere prestutasuna agertu dute Tolosa CFek eta Tolosaldeko Arraun Klubak (TAK). Beraz, futbola eta arrauna atsegin dutenek, eta entrenamenduak eman eta talde horietan lagundu nahi dutenek eta euskaraz dakitenek, Galtzaundi euskara elkartean izena eman dezakete. Prentsaurrekoa eman dute egitasmoaren berri emateko eta bertan izan dira Galtzaundiko Amaia Doyague, Tolosa CFeko Iñaki Arratibel, TAK-ko Iñaki Kruz eta Inaki Irazabalbeitia Tolosako Udaleko Hezkuntza eta Hizkuntza Politikako zinegotzia.

Galtzaundik 16 urte azpikoen aisialdia aztertu du hizkuntzaren ikuspuntutik, eta horretarako Tolosako 35 talderekin izan dira harremanetan. Orain, euskararekiko dauden hutsuneak betetzearren, Tolosa CFek eta TAK-k erakutsi duten prestutasuna baliatu dute kanpaina martxan jartzeko.

Iñaki Arratibelek azaldu duenez, "gure nahia eta helburua euskara erabiltzea da". Laguntza ematera joaten zaizkienen artean, batzuk euskaraz dakite eta beste batzuk ez. "Espero dugu kanpaina horrekin jende berria etorriko dela", zehaztu du Arratibelek. TAKren kasuan, Iñaki Kruzek dioenez, "kirola egin eta emaitzak lortzen saiatu gara, baina euskara ez dugu kontuan hartu. Oso interesgarria iruditu zaigu ekimen hau eta prest gaude euskararen erabilpenean kontzientzia hartu eta egitasmo honetan parte hartzeko".  Bere aldetik, Inaki Irazabalbeitiak eskerrak eman dizkie bai Galtzaundiri eta bai bi kirol taldeei egitasmoa baian jartzeagatik, eta herritarrak animatu ditu izena ematera. "Udalaren aldetik oso garrantzitsua da haur eta nerabeek eskolatik kanpoko jarduerak euskaraz egin ahal izatea", zehaztu du Irazabalbeitiak, eta gogora ekarri du udal gobernuaren helburuetako bat Tolosan ohizko komunikazio hizkuntza euskara izatea dela.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!