Ostalariak ere Tolosa & Co-ko kide aurrerantzean

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko ekainaren 19a

Pasa den urtarrilean aurreratu bezala, Tolosa & Co elkarteak pauso bat gehiago eman du, eta herriko ostalariak ere elkarteko kide izango dira aurrerantzean, Tolosa Degusta & Co izena hartuta.

Tolosa Degusta & Co marka sortze bidean da, eta elkarteko  zuzendaritzan bi kide gehiago sartu direla azaldu du, Fermin Montilla lehendakariak: «Ostalarien ordezkariak izango dira bi kideak».

Ostalarien ordezkariek eskerrak eman nahi izan dizkiote Tolosa & Co elkarteari: «Guztiok aurrera egitea nahi dugu». Bide horretan, eta San Joan jaiak probestuz, ekainaren 21etik 25era bitarte, Vallformosa ardoa 1,5 euroren truke eskainiko dute elkarteko tabernek.

Era berean, ekainaren 29tik uztailaren 1era bitarte, Tolosandblues jaialdiaren harira, pintxo eta ardo bereziak izango dira tabernetan, eta pub-ek, berriz, kubata bakoitzeko txupitoa eskainiko dute doan. «Gastronomiaren esparruko jarduerak antolatzen diren bakoitzean, geronek ere promozio eta eskaintza bereziak martxan jartzea da gure asmoa», azaldu zuen ostalarien ordezkaria den Ibon Leundak.

Datozen hilabeteetan, Tolosa Degusta & Co-ren inguruko informazio gehiago emango dute elkarteko kideek.

Sanjoanetako kanpaina

Tolosa & Co elkarteko berrikuntzak aurkezteaz gain, urtero San Joan jaien harira, merkatariek antolatzen duten kanpainaren berri ere eman zuten aurkezpenean.

Urtero erakusleihoak apaintzeko, dantzarien alpargatak eta uztai txikiak banatzen dizkiete merkatariei, eta aurten, Udaberri dantza taldearen urteroko lanarekin bat eginez, dendariek ere lizar hostoak jarriko dituzte San Joan egunean.

Bestalde, elkarteko dendariek 1.000, 500 eta 250 euroko hiru txeke zozketatuko dituzte bezeroen artean, eta datorren uztailaren 17an izango da zozketa.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!