Hauspoak gidatutako bizitza izenburua aukeratu du, Isidro Larrañaga akordeoi jotzaileak, bere laugarren diskoarentzat. Pasa den ostiralean aurkeztu zuen, proiektuan bidelagun izan dituen semea eta ikasle ohiekin batera.
82 urterekin argitaratu du Larrañagak bere laugarren lana, baina Hauspoak gidatutako bizitza ez da disko arrunta izango. Batetik, 2011n grabatutako piezak entzungai izango dira izenburu horren azpian, eta Isidro Larrañagaren akordeoi doinuek izango dute laguntza musikalik, ikasle ohiak eta semea elkarlanean aritu baitira berarekin: Joxe Mendizabalek konponketak egin ditu, eta musika ekoizpena ere bere ardura izan da; Xabier Zubeldia pianoan, teklatuan eta konponketekin aritu da; Jon Ander Larrañaga semea, berriz, gitarra akustikoarekin, elektrikoarekin, klasikoarekin, mandolinarekin eta banjoarekin aritu da diskorako, eta azkenik, Iñigo Salaberriak jo ditu biolina eta perkusioa.
Era berean, ordea, Larrañagak berak duela gutxi etxean topatutako 1979ko grabazio bat berreskuratu dute lan berriarekin batera argitaratzeko; 1979 izenburua jarri diote. Guillermo Lazkano zenak, bere abesti batzuk grabatzea proposatu zion Larrañagari, eta lan hauek estudioan grabatu bitarte, Larrañagak konponketak etxean grabatu zituen, kasete batean. Grabaketa hau nabarmendu nahi izan zuten Isidro Larrañagaren ikasle ohiek: «Harrigarria da grabaketaren kalitatea, musikalki, gaur egungo teknologiaren laguntzarik gabe». Horrela beraz, Kaki Arkarazok Garate estudioetan lana masterizatu eta egokitu ondoren, disko berrian txertatu dute lana.
Betiko bidelagunak
Diskoan lagundu dioten adiskide, ikasle ohi eta semeak, begirunezko hitzak izan zituzten akordeoi jotzailearentzat. Joxe Mendizabalek, Hauspoak gidatutako bizitza lana «Isidroren ikuspegitik» egin dutela nabarmendu zuen: «Instrumentazioarekin denbora luzez aritu gara lanean, baina aspaldidanik ezagutzen dugu elkar, eta bagenekien zer nahi zuen, beraz, lana oso gustura egin dugu».
Xabier Zubeldia ere Isidro Larrañagaren ikaslea izandakoa da, eta Larrañagaren laugarren diskoan parte hartzea ohore bat izan dela dio: «Bera izan zen gure maisua, eta plazer izugarria izan da».
Jon Ander Larrañaga semeak ere «ohorea» izan du hizpide: «Benetan polita geratu da, eta bera ere pozik dago. Horrelako akordeoi jotzaile bat entzutea ohore bat da».
Laugarren diskoa grabatzeko gogo handia zuela azpimarratu zuen Larrañagak berak, prentsaurrekoan: «Lanean hasi nintzen abestiak eta konponketak prestatzen, eta ondo prestatu nituen behatzak ere, akordeoia jotzeko». Horrela beraz, Jon Ander Larrañaga semearekin aritu zen prestaketetan, eta ikasle ohiei ideia proposatu zienean, hauek segituan baiezkoa eman zioten. Larrañaga oso pozik dago egindakoarekin: «Oso ondo atera da guztia, eta ikasle izandakoek ere lan handia egin dute».
Azkenik, aipatzekoa da akordeoi jotzailearen inguruko dokumentala ere abian dela. Isidro Larrañagaren bizitza hari nagusitzat hartuta, garai bateko pasadizoak, Larrañagaren testigantzak eta bestelakoak ikusi ahal izango dira.
Hauspoak gidatutako bizitza 10 euroren truke izango da salgai, Tolosan, Zunbeltz eta Elkar musika dendetan, eta hainbat tabernatan.