Tolosako Larramendi auzoko bizilagunek lurperatzearen alde egin zuten larunbatean egindako kontsultan. Parte hartzea %60,59a (1.027 pertsona) izan zen eta horietatik %61,54ek (632 boto) A proposamenaren alde egin zuen, hau da, lurperatzearen proiektuaren alde. B proposamenaren alde %38,15k (391 boto) egin zuen. Bi auzotarrek zuriz bozkatu zuten eta bi boto baliogabe izan ziren. Tolosako Udalak parte hartzea nabarmendu du: «%60tik gorako parte hartzea historikoa da eta mugarri bat jartzen du demokrazia zuzenari dagokionean». Galdeketa «arrakasta handia» eta «herriaren garaipena» izan dela gaineratu du.
Udalak «harrotasunez» esan du «inoren laguntzarik gabe» egin duela eta oposizioaren jarduna kritikatu du: «Oposizioa, EAJ buru, galdeketa oztopatzen eta giroa gaiztotzen saiatu da etengabe, eta gure ustez, jarrera guztiz arduragabea erakutsi du». Bestalde, herritarren «heldutasuna» txalotu du, «herriaren eraikuntzan protagonista izateko nahia» erakutsi dutelako, eta ez delako «inongo istilurik» egon.
Galdeketaren emaitzak «bederatzi hilabeteko prozesu parte hartzailea guztiz beharrezkoa zela» frogatu du, udalaren ustez. Batetik, B aukeraren alde egin duten auzotarrak «entzunak izateko eta aintzat hartuak izateko eskubide osoa» zutela esan du, «orain arte urratua izan den eskubidea». Onartua zegoen proiektuaren inguruan prozesu parte hartzaileak azaleratu du «dena ez zela adostasuna», udalaren iritziz. Bestetik, A aukeraren alde egin dutenek «gehiengo argia» osatzen dutela esan du; «baina ez dira gauza bera proiektu bat onartzea eta proiektu bat hautatzea», dio udalak.
Udalak demokrazian sinesten duela esan du, «egunero-egunero herritar bezala gauzatzen den demokrazian, ez lau urtean behin boza emanez soilik gauzatzen den hartan». Eta horrek «herritar arduratsuak» behar dituela gaineratu du.
Aste honetan enpresa eraikitzaileekin harremanetan jarriko dela esan du udalak, urbanizazio lanei lehenbailehen ekiteko. Lehenengo Uzturre kalea eta N1eko sarrera-irteera lotu nahi dutela esan du udalak, eta obra hori hasteko prozesua aurreratua doala azaldu du.
Larramendi Bizirik elkarteak auzotarrak zoriondu ditu larunbatean erakutsi zuten «ardura handiagatik». Elkartearen ustez, parte hartze prozesuaren zilegitasuna «guztiz frogatu da», bai prestaketa nola egin den ikusita eta baita auzotar askok parte hartu dutelako galdeketan.
Galdeketaren emaitza ez bada ere Larramendi Bizirik elkartearen iritziz egokiena, bere ustez «auzoa beti aterako da indartuta horrelako prozesu batetik». Elkartetik azaldu dutenez, «auzo hobeagoa eraikitzeko lanean» jarraituko dute, eta bere asmoetako bat «guztien artean hobetzea» da. Helburu hori betetzeko, «apalki eta elkarren arteko errespetu osoz», elkarteko ateak irekita daudela esan dute bertako kideek.
EAJren eskaerak
Bere aldetik, EAJk azaldu duenez, «aurreko udalbatzak onartutako proiektuaren gaineko herri kontsulta egitea ez du begi onez ikusi». Batetik, «bertako bizilagunak eremu urbanistiko zehatz batean eta baldintza jakinetan erosi zuten bere etxebizitza», esan dute. Bestetik, proiektuaren fase horretan aldaketak egiteak udalari «hainbat arrisku» suposatu dakiokela gaineratu du. Horrez gain, etorkizunari begira, auzoko barne kohesioari ez eragitea espero duela esan du EAJk.
Alderdi jeltzaleak parte hartze «handia» izan dela nabarmendu du eta, beraz, «bizilagunen iritziaren duda izpirik» ez dagoela dio. Bide batez, auzoko bizilagun guztiak zoriondu dituzte bere «inplikazio, mobilizazio eta konpromisoagatik». Udal gobernuari bi eskaera egin dizkio EAJk. Batetik, udal proiektuetan herri galdeketak zein irizpideen arabera egingo diren definitzea, eta, bestetik, lurperatzearen eraikuntza azkartzea; «urtebete baino gehiagoko atzerapena du dagoeneko proiektuak, eta bizilagunak lehenbailehen aurrera eramatea eskatzen dute», gaineratu du. Proposamen bat ere egin dio udal gobernuari: «Partaidetza prozesu bat ireki dezala, auzoko bizilagunekin eta orokorrean tolosar guztiekin, Arkauteko eraikinak izango dituen erabileraren inguruan».
PSE-EEk ere bere iritzia eman du galdeketaren ondoren, eta udal gobernua osatzen duten Bildu eta Aralarri zuzendu zaio, bere planteamenduek «herritarren gehiengoaren babesik» ez dutela jasotzen esanez. PSE-EEren ustez, bizilagunek ez die utzi udal gobernuari «bere iritzia baldintzatzea, udal gobernuak bere erabakiak herritarren parte hartze prozesu gisa mozorrotu arren».
Bizilagunek «modu oso aktiboan» parte hartu zutela esan du PSE-EEk, eta lurperatzea bere barne hartzen duen eta indarrean dagoen proiektuari «baiezko biribila» eman diola gaineratu du. Bide horretatik, PSE-EEk udal gobernuari gomendatu dio, atez ateko egitasmoari lotura zuzena eginez, «aurrera begira bere aurkako iritziaren berri jaso dezala, etorkizunean inposatu nahi duen eta gehiengoaren onespenik ez duen proiektuekiko».
Bere aldetik, Aralarretik azaldu dutenez, «herritarrek eman dute bere hitza eta orain udalak erabaki hori aurrera eraman behar du ahalik eta modu azkarrenean eta egokienean».