Tolosako Larramendi auzoari buruzko kontsulta egin ondoren, udalak "herritarren garaipena" izan dela esan du, eta kontsultan %60a bozkatzera joatea "parte hartze oso handia" dela nabarmendu du. Prentsaurrekoan Ibai Iriarte alkatea eta Lore Agirre eta Hasier De los Rios alkateordeak izan dira, eta herritarren parte hartzea eskertu dute: "Ikusi da auzotarrek bere iritzia emateko gogoa zutela". Larramendi auzoan egindakoa ez dela "galdeketa bat bakarrik izan, prozesu bat izan dela" esan du udalak, eta demokrazian sinisten duela gaineratu du: "Egunero egiten da demokrazia, ez soilik lau urtez behin bozkatuta".
Kontsultan auzotarrek A proposamenaren alde egin zuten, hau da, auzoko errepide nagusia lurperatzearen alde. Aurrera begira, enpresa eraikitzaileekin lehenbailehen harremanetan jarriko direla esan du udalak. Lehenbizi, Uzturre kalea ireki nahi dutela azaldu du udalak, gero lurperatzearen obra egin ahal izateko.