Ganadua San Frantzisko pasealekuan izango da San Joan jaietako azoka berezian

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko ekainaren 15a

San Joan jaien atarian, urteroko azokak izango du berrikuntzarik, bihar, Tolosan: ganadu azoka San Frantzisko pasealekuan izango da, eta lau arrazatako 32 buru jarriko dituzte erakusgai: blonda, limousina, txarolesa eta pirenaika.

Honez gain, goiz osoan zehar Euskal Herri osotik etorritako ekoizleak izango dira Trianguloa plazan, Lur Lan elkartearen laguntzaz.

Salmenta postuez gain, ordea, erosketak egin ondoren izango da jana eta edanari buruz zerbait gehiago ikasteko aukera ere. 11:30ean, gazta eta sagardo dastatzeak egingo dituzte, eta bi adituk azalpenak emango dituzte.

Aipatzekoa da, azoka bereziaz gain, larunbateroko Zerkausiko, Berdura plazako nahiz Euskal Herria plazako postuak ere beren betiko lekuan izango direla.

Era berean, aipamena merezi du, Herri Musika Tresnen Topaketa egingo dutela, bihar, egun guztian zehar. GiroArte taldeak antolatu du eta eskualdeko musikariez gain, Barakaldotik albokari eta Baionatik dultzainero talde bana izango dira, izan ere, GiroArte taldeak aspaldidanik du harremana beraiekin. 11:00etan hasiko dira kalejira egiten Alde Zaharretik. Hainbat instrumentu entzuteko aukera izango da: trikitixa, alboka, txalaparta, dultzaina eta biolina. Azken hau Loatzo musika eskolako ikasleek joko dute. Instrumentu bakoitza jotzen duten musikariek kalejira egingo dute beren aldetik, eta tarteka elkartuko dira denen artean zenbait pieza jotzeko. Une horretan, Oinkari dantza taldeko bi kide ere dantzan ariko dira. Goizekoa bukatu ondoren bazkaldu eta gero, arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, berriro ariko dira kalejiran.

Asteburu biribiltzeko, eta jaiei begira, musika emanaldi gehiago, bakarrizketak, kirol jarduerak eta urteroko Sagardo Eguna izango dira datozen egunetan.

Asteburuko jarduerak

Ekainak 15, Ostirala

20:30. Kultur etxeko antzerki taldeak Lysistrata antzerki obra klasikoa eskainiko du Leidor aretoan.

Ekainak 16, larunbata

Egun osoan zehar. Herri

Musika Tresnen Topaketa.

Dultzaineroak, txalapartariak,

albokariak, bibolin joleak, trikitilariak eta dantzariak kalez kale ibiliko dira, herria doinuz alaitzen. Graffiti erakusketa,

herrian zehar. Herriko sei

jubilatu zaharrenei omenaldia

egingo dio Harizpe Elkarteak.

09:00. Trianguloan Euskal Herriko produktoreekin sanjoanetako aparteko azoka. Gazta eta sagardo dastatzeak. Ganadu azoka.

10:00. Usabal kiroldegian, igeriketa probak, XLIII. San Joan saria.

18:00. Usabal kiroldegian, San Joan eskubaloi sariko finalak.

19:00. Berdura plazan, Sagardo Eguna. Antolatzailea, Batasuna Elkartea.

19:30. Leo Harlemen bakarrizketa saioa, Leidorren.

20:00. Jesuitinetako elizan Hodeiertz abesbatzaren kontzertua.

22:00. Leo Harlemen bakarrizketa saioa Leidorren.

Ekainak 17, Igandea

10:00. Xake-Jokoa Tolosako Xake Elkarteak antolatuta: XXXIX. Nazioarteko Lehiaketa taldeka, XXXVI. Enrique Pineda Memoriala.

10:00. Futbola Usabalen, Elkartasun  Txapelketa.

11:30. Iurreamendin, Euskal Herriko IV. Bakarkako Sega Ligaxka.

12:00. Dantza tailerraren emanaldia, Leidorren.

19:00. Hodei Truken kontzertua, Berdura plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!