Musikak harilkatzen dituen udalekuak

Imanol Garcia Landa 2012ko ekainaren 13a

Uztailaren 2tik 13ra Udapasa Artisktikoak antolatu dituzte. Artekin elkartea da antolatzailea eta Tolosako musika eskolan egiten dituzte. «Udaleku bereziak dira», azaldu du Aitor Biainek, Maialen Plazaolarekin batera irakasle gisa ariko dena. «Haria musika da, eta hain justu musikarekin gozatzea eta sentitzea da udalekuen helburua».

Hainbat jarduera egiten dituzte, Biainek dioenez: «Abestia lantzen dugu. Dantza ere bai, musika sentitu eta sentimenduak plazaratzeko. Jokoak eta antzerkia ere egiten ditugu, eta azken egunerako emanaldi bat prestatuko dugu, udalekuan zehar egindakoa biltzeko». Hain justu, gurasoak joan ohi dira emanaldia ikustera, eta Biainek dioenez, «harritu egiten dira» haurrek eskaintzen duten saioarekin.

Udapasa Artistikotako irakasleak garbi utzi du ez dela musika ezagupenik behar udalekuetan parte hartzeko. «Nahikoa da musika gustatzea», esan du Biainek.

Urtero gai baten inguruan antolatzen dituzte jarduerak, eta aurtengoa animaliak izango da. Ohikoena bi talde osatzea da; bata 4-8 urte bitartekoa, eta bestea 8-12 urte bitartekoa. «Haurrek oso ondo pasatzen dute, eta hainbat gauza ikasteko ere balio die», nabarmendu du Biainek.

Izena Tolosako Eduardo Mokoroa musika eskolan eman behar da eta hilaren 29ra arte dago aukera horretarako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!