Aurtengo ikasturtea amaitzen ari da jada, oporren usaina hartzen hasiak gara lantoki eta ikastetxeetan. Bonberenean ere, aurtengo ikasturtea amaitutzat eman ez badute, ez zaie asko faltako, kontzertuei dagokienez behintzat.
Makina bat kontzertu ikusteko aukera izan dut aurten, irailetik hasita maiatza bukaerara arte: Aina eta No More Lies, Enablers, Napoka Iria, Willis Drummond, Rafa Rueda, Grises eta Anai arrebak, Zea Mays, Glaukoma, Dolce Tangana eta Atila y los Unos, Indekitxen, Joseba Irazoki, Xabier Montoia, Berri Txarrak, Lisabö, Xabi ta Petti, La Troba Kung Fu, Trizeps, Inoren Ero Ni eta Layo Raser.
Baten bat ahaztuko zait agian; egin dituzten guztien artean lagin bat besterik ez dira aipaturiko hauek.
Batzuk besteak baino gehiago gustatu zaizkit, baina denekin ikaragarri ondo pasa dut, maila, orokorrean, oso altua izan baita. Eskerrik asko denei!
Beti gustatu izan zaizkit zuzeneko musika emanaldiak, kontzertuak, eta Tolosan bizi naizenez geroztik, oso maiz izaten dut joateko aukera.
Izan ere, ez zaizkit hobeak diren plan asko bururatzen; afaldu, kalera irten eta paseotxo bat eginez, bertatik bertara, kontzertu on bat ikusi. A zer nolako luxua! Kotxea hartu beharrik gabe eta neurriko prezioan gainera.
Aspaldidanik eman nahi nizkien eskerrak publikoki. Sekulako lana egiten dute, musutruk, benetan egiten dutena maite eta baloratzen dutelako. Kalean ere gozamen galanta hartzen dugu Bonberenea Txaranga herriko edozein txokotan topatzen dugunean; gazte-gazteak dira gehienak, harrobi kultural bikaina!
Datorren ikasturtea Bonberenea Sutan-ekin hastea egokituko zaigula uste dut, txanpa hartzeko. Ziur naiz, horren ondotik ere kontzertu bikain piloaz gozatzeko aukera emango digutela. Irrikitan nago jada.
Mila esker Bonberenea osatzen duzuen guztioi.
Eskerrik asko egiten duzuen lan ikusgarriagatik.
Altxorra dauka Tolosak Bonberenean, hiltzen utzi ezin den kultur eragile miresgarria.
Ander Auzmendi Perez de Lazarraga