Igerabideren olerkietatik abiatuta, txotxongilo emanaldia osatu dute

Imanol Garcia Landa 2012ko ekainaren 13a

Juan Kruz Igerabide adunarraren olerkiak erabili dituzte Pantzart antzerki taldekoek Boli bili boli txotxongiloekin egindako antzezlana sortzeko. Topic zentroarekin elkarlanean osatu dute obra eta bertan estreinatuko dute etzi, hilaren 15ean, 18:30ean.

Elena Bezanilla taldeko zuzendariak azaldu duenez, Igerabideren olerkien topo egin zuen, eta bereziki gustatu zitzaizkion: «Autore eta olerki asko irakurri izan ditut, eta Igerabiderena izugarri gustatu zaizkit. Hunkitu egin naute, eta haurrentzako zein helduentzako balio dute. Haurrak ez ditu lelotzat hartzen eta hori asko gustatu zait».

Emanaldia 3 eta 6 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa da, baina helduek ere  gozatuko dutela esan du Bezanillak. Olerkien aukeraketa bat egin dute, adin tarte horretako haurrei modu errazean iritsiko zaizkienak hartuz, eta «umorea bilatu diogu, jokoa sartuz», azaldu du obraren zuzendariak.

Bi aktore izango dira oholtza gainean, Izaskun Fernandez eta Santiago Ortega, eta txotxongiloak erabiltzeaz gain, abestu eta dantzatu egingo dute 35 minutu inguru iraungo duen emanaldian. Bezanillak azaldu duenez, «sorkuntza kolektiboaren bitartez» sortu dute ikuskizuna. Musika bereziki obrarentzako sortu dela nabarmendu du zuzendariak. Adrian Garcia de los Ojos izan da musika egilea, eta ikuskizunean agertzen diren olerki gehienak musikatu ditu.

Tolosan egonaldia

Pantzart taldekoak Tolosan izan dira obra prestatzeko. Topic zentroaren laguntza izan dute emanaldia sortzeko, eta, besteak beste, bertako azpiegitura erabili dute. Bezanillak azaldu duenez, hiru egonaldi egin dituzte herrian, eta guztira bost aste egon dira. «Guretzat oso garrantzitsua izan da elkarrekin Tolosan egotea, ikuskizuna mamitzeko asko lagundu baitigu». Bestalde, «oso gustura» egon direla esan du zuzendariak: «Oso ondo tratatu gaituzte eta Tolosa oso herri lasaia da».

Haur zein helduentzako antzezlanak egiten dituen konpainia da Pantzart. Euskal inauterietako pertsonaiaren izena duen taldeko kideek Bilbon garatzen dituzte ikuskizunak. Beren inspirazio iturri dira herriko jaiak,

bufoi eta boboak, erraldoiak, ipotxak eta munstroak, hainbat estiloko pailazoak... Taldeko arduradunek diotenez, «inauterietako kultura komikoa eta herri-barrea gure lanaren inspirazio iturri dira».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!