Aldaketa nabarmendu du udal gobernuak, urte beteko bidean

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko ekainaren 12a

Tolosako udal gobernuak iazko ekainetik hona egindako bidea gogora ekarri du

Iazko ekainaren 11n Tolosako udal gobernu berriak agintea hartu zuenez geroztik, urte osoan egindako bidea «positiboa» izan dela azaldu dute Bildu eta Aralarko udal ordezkariek, «egoerak eskatzen zuen aldaketa» gauzatu dutela nabarmenduz.

Ibai Iriarte alkateaz gain, Lore Agirre, Hasier De los Rios, Edurne Mendia eta Inaki Irazabalbeitia zinegotziak ere, Tolosako Udaleko batzorde eta sailei buruzko balorazioaz aritu ziren.

Iriartek, duela urte beteko aldaketa azpimarratu zuen: «Aldaketa gauzatzen urte osoa daramagu, izan ere, egoerak gobernu sendoagoa eskatzen zuen, alde batetik; sendoa, bateratua, indartsua eta berria. Bestalde, gure nahiak eta helburuak beste era batean kudeatzen hasi ginen, eta elkarrizketa eta adostasunak bilatzeko ahalegina egin dugu».

Bide honetan, eredu parte hartzaileen gauzatzea nabarmendu zuen Tolosako alkateak: «Demokrazia ordezkatzailetik demokrazia parte hartzailera jauzi egitea da gobernu honen helburua, jakinik hori ez dela egun batetik bestera lortzen. Demokrazia eredu berriek herritarren parte hartzea ezinbesteko dute, erakundeekin elkarlanean». Horrela beraz, urte osoan parte hartzea sustatzeko egindako jarduera nahiz ekimenak gogora ekarri zituzten agerraldian: «Gobernuaren lehen 100 egunen batzarra, plan ekonomiko-finantziarioaren aurkezpena, kultur eragileen sarea sortzeko bilerak, landa auzoekiko harreman zuzena, Berazubiko auzotarrekin egindako batzarra eta Amarozko auzo elkartearekin elkarlan iraunkorra».

Euskal Herriko eta Tolosako garai berriak ere aipatu zituen Ibai Iriartek: «Aieteko adierazpena, ETAren adierazpena eta Gernikako akordioa dira horren erakusle. Udal honek eragile aktibo izan behar du gatazkaren kudeaketan eta konponbidean». Helburu horri begira, agintean daramaten urtean preso eta errefuxiatuen eskubideak eskatzeaz gain, «gatazka politikoak eragindako biktima guztiekiko begirunea» izan dutela azaldu zuen alkateak; memoria historiko osoaren aldeko ekimenak ere  gogora ekarri zituen. Aldaketaren hariari tiraz, aldaketa soziala eta krisi ekonomikoa hizpide izan ziren balantzean. Udal gobernuaren ustez, krisia sistemarena da, eta ez egoeraren araberakoa. «Betiko errezetek ez dute balio, eta eskuineko alderdiek proposatutako murrizketa sozialek ere ez. Ekonomiak pertsonen esku egon behar du», azaldu zuen Iriartek.

Urte osoko errepasoa amaitzeko, beren burua pozik azaldu zuten udal ordezkariek: «Pozik egoteko arrazoi asko ditugu. Gauza batzuk ondo egin ditugu, eta beste batzuk ez hain ondo, edo gaizki». Hala ere, «aldaketek beti eztabaida» ekartzen dutela nabarmendu zuten, eta interesgarritzat jo zuten: «Herri bizia nahi dugu, eta eztabaida ona da, hobetzen eta aurrera egiten laguntzen digulako. Zenbaitek izua eta alarmismoa darabilten arren, bide horretan jarraituko dugu, herri bizia eta herritak aktiboak nahi ditugulako».

Udal gobernuaren urteko balantzea

Ogasuna

Zorraren %23ko murrizketa. Elosegi parkearen desjabetzea, Santa Luzia eremuko desjabetzea eta Berazubiko orubearen hipoteka.

Garapen ekonomikoa

Eskualdeko aitzindaritza. Lehiberri zentroaren proiektua babesteko ekimen bateratua.

Parekidetasuna

Indarkeriaren aurkako protokoloa. Martxoaren 25ean Tolosan gertatutako erailketaren ondorioz, protokoloa martxan jarriko dute, eta hainbat eragilek parte hartuko dute bertan. Ikastetxeetan eta udal langileekin ere gai hau jorratuko dute.

Hirigintza

Garapen jasangarria. Udal plangintzarako aholku batzordean eragile gehiago txertatu dituzte, eta Plan Orokorrati zatikako berrikuspena egin nahi diote.

Gizarte politikak

Izaera sozialeko gastuari lehentasuna. Gastu soziala mantendu edo handitzea da beren asmoa.

Hizkuntza politika

Apustu estrategikoa. Erabilera indartzea, bai udaletxean bertan eta baita herritarren artean ere. UEMAko kide izateko pausoak eman dituzte; ekainean emango diete erantzuna.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!