Igarondoko babes ofizialeko 24 etxebizitza alokairuan esleitzeko zozketa egin zuten, atzo, Tolosako udaletxean. Guztira 109 eskatzaile izan ziren, eta lau taldetan banatu zituzten etxebizitzak: mugikortasun urri iraunkorreko pertsonentzat etxebizitza bat zegoen eta bi eskatzaile; 70 urtetik gorakoentzat 20 etxebizitza zeuden eta 31 eskatzaile; gizarte behar bereziak dituztenentzat 2 etxebizitza zeuden eta 16 eskatzaile; eta azkenik, talde orokorrarentzako etxebizitza bat zegoen eta 60 eskatzaile. Jende ugari izan zen bilkura aretoan zozketa jarraitzen, eta tarteka txaloak entzun ziren, baita pozik eta triste geratu zen jendea ere, zorte ona ala txarra izan zuenaren seinale. Ibai Iriarte alkateak, zozketa hasi aurretik, udalak alokairu soziala bultzatzen duela nabarmendu zuen.
Zozketaren zerrendak gaur argitaratuko dira eta ikusgai izango dira bai udalaren webgunean bai udaletxeko iragarki taulan. Bestalde, eskatzaileei euren egoeraren berri emango zaie, hau da, esleipenduna izan den, eta beraz, dagokion etxebizitza zein den, edo itxaron zerrendako zein postutan geratu den.
Etxebizitzak salgai
Tolosako Udalak eta Erretengibel udal sozietateak hiru etxebizitza ditu salgai enkantean. Hirurak etxebizitza berriak dira. Erretengilek Plaza Berrian du salgai, 174.620 eurorengatik (BEZa aparte). Baldintza pleguak Errentengibelen bulegoan aurkeztu daitezke (Plaza Zaharra, 10-B).
Tolosako Udalak bi etxebizitza ditu salgai. Horietako bat Inpernu kalean, 138.900 eurorengatik, eta bestea Rondilla kalean, 116.290 eurorengatik. Udaletxeko sarrera erregistroan aurkeztu behar dira eskariak, hilaren 29a baino lehen.