Tolosako Tokiko Agenda 21ek zilarrezko Tak21 saria jaso du

tolosa 2012ko ekainaren 7a

Udalsarea 21ek, Jasangarritasunerako Udalerrien Sareak, Tolosako Tokiko Agenda 21 saritu du Zilarrezko Tak21 sariarekin. Aitorpen hori Euskadiko Tokiko Agenda 21en kalitate globala neurtzen duen Tak21 prozesuan oinarrituta ematen dute.

Euskadiko Biodibertsitate Zentroan egin zen ekitaldian, EAEko hainbat erakunde eta udalerritako ordezkariak izan ziren, tartean Pilar Unzalu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde antolakuntza, Nekazaritza eta Arrantza sailburua. Hain zuzen, Unzaluren eskutik jaso zuen saria Hasier De los Rios Ingurumen zinegotziak.

Legazpiko eta Durangoko udalek jaso zuten 2012ko Urrezko Tak21 Saria; bere aldetik, Tolosaz gain, Amurrioko, Areatzako, Donostiako, Gasteizko eta Zarauzko udalek eskuratu zuten zilarrezkoa. Lehen sariketa horretan 47 udalerrik hartu dute parte, sarearen kide diren %25ek.

Tolosa Udalsarea 21eko kide da 2002 urtetik. Sarearen barruan ingurumena eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko lan egiten du gainontzeko kideekin ezagutza garatuz eta elkarrekin haziz. «Jasotako sariak gure udalean tokiko agenda 21en balioa indartzeko egindako ahalegina erakusten du», azaldu dute Tolosako Udaletik.

Tak21 Euskadiko Tokiko Agenda 21en kalitate globala neurtzen eta aitortzen duen neurketa sistema da, bertako udalerrien errealitatera egokitua. 40 irizpide eta 100dik gora adierazlerekin Agenda 21en barneko prozesu guztiak neurtzen ditu. Gainera, kalitate hoberena erakusten duten Tokiko Agendak saritzen ditu, beti ere, lortutako emaitzen arabera. Tokiko Agenda 21en prozesu bakoitzaren 5 ezaugarri hauen arabera neurtzen da: estrategikoa, zeharkakoa, parte-hartzailea, operatiboa eta jasangarria.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!