Tolosa Txukun izeneko herritarren plataforma aurkeztu zuten, pasa den asteazkenean, bosgarren edukiontzia defendatu, eta «atez ateko bilketa sistemak sortutako egonezinari erantzun bat ematearren».
Agerraldian Patxi Amantegi plataformako ordezkariak azaldu zuenez, Tolosan «egonezina» sortu da zenbait herritarren artean, atez ateko bilketa sistema dela eta: «Gure asmoa aipatutako bilketa sistema horrekin arduratuta dauden tolosarren kezkak jasotzea eta bideratzea da».
Helburu honi begira, Tolosa Txukun plataformako kideek sinadurak biltzeari ekin diote, kanpaina baten bitartez: «Posta elektroniko bidez biltzen hasi gara lehen sinadurak, eta dezente jaso ditugu. Erantzun honen aurrean, herritar gehiagoren iritziak jaso behar direla uste dugu, eta ekaineko larunbatetan, sinadurak biltzeko mahaiak jarriko ditugu kaleko hainbat gunetan, jendeak gure egitasmoarekin bat egin dezan».
Bide beretik, Tolosa Txukun plataformaren inguruko informazioa banatuko dute Tolosako buzoietan, eta informazioak atxikita ekarriko du sinadurak jasotzeko orria ere.
Datu guztiak biltzen dituztenean, udalera helaraztea da plataformaren nahia.
Atez ateko bilketaren aurka
Tolosa Txukun plataformako kideek argi azaldu zuten beren nahia: «Materia organikoa jasotzeko erabiltzen den edukiontzi marroia, bosgarren edukiontzia, berehala jartzeko eskatzen dugu, horrela, txukun-txukun, gaikako bilketaren portzentaiak igo daitezen».
Plataformako kideen ustez, «ezinbestekoa» da, udalaren aldetik, herritarrak hondakinen gaian kontzientziatzeko kanpainak egitea: «Hor dago gakoa, ahalik eta gehien saihestu, birziklatu eta konpostatu behar da».
Bide honetan, beraz, atez ateko bilketa sistemaren aurka daude Tolosa Txukun plataformako kideak: «Bosgarren edukiontziaren bidez egindako bilketarekin alderatuz, zikina, osasungaitza eta deserosoa da. Eta bilketa ez da asko igotzen, batzuetan ia ezer ez».
Izan ere, plataformako kideen ustez, atez ateko bilketa sistemaren emaitzak «oso lotuta daude behartzearekin», Amantegik azaldu zuenez: «Bilketa tasak altuak dira, bai, baina zein momentu zehatzetan gaude orain? Denen begi-bistan eta zainduta daude orain, atez ateko bilketa sistema duten herritarrak». Horrela beraz, jendea ezin dela «behartu» aldarrikatu zuten. Honen harira, duela urte batzuk gaikako bilketa hasi zenean, «herritarrak behartu gabe eta pixkana birziklatzen hasi» zirela azpimarratu zuten Tolosa Txukuneko kideek.
Era berean, atez ateko bilketa sistema «garestia» dela ere nabarmendu zuen Amantegik aurkezpenean: «Krisi garai honetan, ez da egokia gastu hau sortzea».
Estetikari buruz ere aritu zen Tolosa Txukuneko bozeramalea: «Pisuzko arrazoia ez den arren, atez ateko bilketa sistema ez da batere estetikoa». Azkenik, segurtasunik ezaren argudioa nabarmendu zuen Patxi Amantegik: «Norberaren intimitatea bortxatzen du sistema honek: paperak, fakturak eta antzekoak kontrolpean eduki daitezke, etxe bakoitzak bere edukiontzitxoa baitu zutabean. Eta gauza bera gertatzen da pixoihalekin nahiz sendagaiekin ere. Arazo hau ez duenak ez du ikusten, baina gauza horiek oso kontuan izan behar dira sistemak aukeratzerakoan».