Zero Waste Europe (Europa Zero Zabor) taldeko zuzendaria, Joan Marc Simon, Tolosan izango da gaur, 19:00etan, hondakinen kudeaketaren inguruan hitz egiteko.
Gipuzkoako Foru Aldundia hondakinak kudeatzeko estrategia berriaren aurkezpenak egiten ari da, azken egunotan, Gipuzkoako hainbat herritan. Tolosako aurkezpenaz gain, horrela, Donostian, Pasaian, Zarautzen eta Arrasaten ere egin dituzte saioak.
Antonio Maria Labaien kultur etxean izango da Tolosako saioa, 19:00etatik aurrera, eta Joan Marc Simon, Zero Waste Europe taldeko zuzendaria, izango da hizlarietako bat. Kataluniarra da sortzez, Belgikan lan egiten duen arren. Hondakinen esparruan, errausketaren aurkako GAIA taldeko kidea ere bada Simon.
Saioko beste hizlaria, berriz, Ainhoa Iraola izango da; Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako zuzendaria da bera. Biologian lizentziatua, eta geroztik ingurumenaren eta hondakinen kudeaketaren inguruan hainbat ikasketa burututakoa da. Aranzadi Zientzia Elkartearentzat ere argitalpenak egin izan ditu.
Besteak beste, bere esperientziatik hitz egingo du, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako zuzendari karguak hondakinen kudeaketaren gaian aritzea ekarri baitio.