Txinparta elkarteko egoitzan bertan izango dira, aurten laugarrenez antolatuko duten Tolosako Bisiguaren Festako otorduak. Aurkezpen ekitaldian, bisiguak Orio Estilora prestatuko dituzten parrileroetako bi izan ziren, Joxe Migel Zendoia eta Luis Mari Uranga; eurekin izan zen, era berean, Txinparta elkarteko Mikel Uribe lehendakaria.
Datorren ekainaren 15etik 17ra bitarte izango da Bisiguaren Festa, eta urteroko moduan, Orioko Katxiña, Jose Mari eta Xixario erretegietako parrileroek prestatuko dituzte bisiguak.
Guztira, 200 lagunei emango dizkiete bazkari nahiz afariak, 40 euroko menuaren bidez: antxoak gatzetan, tomate entsalada hegaluzearekin, zainzuriak, bisigua parrilan, bixigoxo azkenburua, eta ardoa, ura eta kafea eskainiko dituzte. Afariak, hilaren 15ean eta 16an izango dira, eta bazkariak, berriz, ekainaren 16an eta 17an. Txartelak agortu dira dagoeneko.
Egoera ekonomikoa medio, Txinparta elkarteak aurrekontua murriztu behar izan du aurten, eta Tolosako Udalak materiala utzi die; horregatik egingo dituzte otorduak elkartean.
Hala ere, parrilero oriotarrek lehengaiak «ezinhobeak» direla nabarmendu dute, eta menua aurreko urteetan bezain ona izango dela.