Bidaiarien jakinmina asetzeko txokoa izango da Tolosako Errotan

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko ekainaren 6a

Bidaiarien Txokoa izango da aurrerantzean, Tolosako Errotan, bidaiarien jakinmin, interes etazalantzak elkartrukatzeko gune moduan. Nairobitarra Elkarteak Tolosako Udalari egindako proposamenak aurrera jarraitu du, eta atzo eguerdian aurkeztu zuten, Antxon Bandres omenduko duen proiektua.

Josu Iztuetak azaldu zuenez, esku artean duten egitasmoa herritarrei aurkezteko gogoa zuten: «Zertan ari garen jendeari azaltzeak merezi duela uste dugu». Horrela beraz, Antxon Bandresek zuen dokumentazio eta artxibo osoa eskuragarri izango da Errota eraikineko beheko solairuan aurrerantzean, bidaiarientzako txokoan.

«Materialak leku egokia behar zuela uste genuen. Izan ere, Antxon Bandresek liburu eta aldizkari asko zituen, milaka, eta nik hamahiru urte nituenean, Bandresek bere etxeko giltzak uzten zizkigun, liburuak irakurtzeko nahiz musika entzuteko. Horregatik uste dugu, bere dokumentuek eskuragarri egon behar dutela, berak hala nahi izango zukeen», nabarmendu zuen Josu Iztuetak.

Agerraldian, Ibai Iriarte alkateak prozesuaren nondik norakoak azaldu zituen: «Proposamena jaso genuenean, ideia oso xumea izan arren, oso erakargarria iruditu zitzaigun, indar handikoa». Bide horretan, udalak Errotako beheko solairua libre geratu zenean, lekua Nairobitarra Elkartearen egitasmoarentzat uztea erabaki zuen. Iriartek, proposamena izugarri interesgarria iruditu zaiola nabarmendu zuen: «Tolosak bidaien inguruan tradizioa du, eta bada hemen, bidaiak era alternatibo batean egiteko ohitura. Kultur ondarea da hemen jasoko dena, eta esperientziak elkartrukatzeko nahiz irribarre egiteko txoko irekia izan behar du herritar guztientzat. Antxon zena omentzeko modurik onena da».

Bolondres bidaiariak

Nairobitarra Elkarteko Nagore Salaberria iruratarrak, Antxon Bandres Bidaiarien Txokoak izango duen funtzionatzeko era azaldu zuen aurkezpen ekitaldian: «Bidaia ez da lekualdatzea bakarrik: kartografia, geologia, kultura eta hizkuntza ere jorratzen dituzte bidaiek, eta gai hauek guztiak tailer, aurkezpen, ikastaro eta abarren bitartez jorratzea da gure helburua, txoko honetan».

Horretarako, bolondres sare moduko bat sortu nahi dute Nairobitarra Elkartekoek. Momentuz, iragarki arruntak erabiliko dituzte deialdia zabaltzeko, eta Interneti ere garrantzia berezia emango diote txokoaren jarduerak zabaltzerakoan. http://bidaiarientxokoa.wordpress.com bloga zabaldu dute jada, eta Facebook-en ere orria egin dute; webgunea sortzea euren hurrengo pausoa izango dela nabarmendu zuen Salaberriak: «Hemengo foro fisikoa internetekoarekin paraleloan joatea nahi dugu».

Txoko berrirako diseinatu duten logotipoa ere aurkeztu zuen Nagore Salaberriak. Hainbat koloretako zatiek osatutako mundu mapa bat irudikatu dute, aniztasunarekin lotze aldera, eta kolore alaiak erabiltzen saiatu dira. Halaber, Antxon Bandresen izena letra xehez idatzi dute kartelean, «berak hala idazten zuela badakigulako».

Antxon Bandres Bidaiarien Txokoa, Tolosako Udal Liburutegiaren osagarri modukoa ere izan daitekeela azaldu zuen Susana Larrek, liburutegiko arduradunak: «Helduen liburutegian ezin da gai bakoitzean hainbeste sakondu, eta hau perfektua da horri dagokionez. Gainera, kultur jardueretan sakontzeko-eta espazio egokia izan daiteke Errota liburutegiarentzat ere. Gainera, ezagutza hau jendearen esku jartzeko oso modu interesgarria da».

Aurkezpenaren amaieran Josu Iztuetak nabarmendu zuenez, liburuak kokatzeko lanetan ari dira orain. Horrekin amaitzean, katalogatu egin beharko dute material guztia, eta liburutegiko arduradunen laguntza beharko dute horretarako. Honen harira, edozein herritarrek liburuak nahiz bidaiekin loturiko edozein gauza errotan utzi nahiko balu, ateak zabalik izango dituela azpimarratu zuen.

Antxon Bandres Bidaiarien Txokoaren irekiera «mailaz-mailakoa» izango dela azpimarratu zuten arduradunek, eta autofinantziatzeko eta autogestionatzeko bideak hartuz, herritarrei antolatuko dituzten jardueren berri pixkanaka emango dietela ere bai.

 

  • Frantziako Tour-a ikusteko dauden hamaika modu, Izagirreren liburuan

Frantziako Tour-a beste ikuspuntu batetik ezagutu ahal izango dute, Ander Izagirre kazetari eta txirrindulari ohi donostiarraren Plomo en los bolsillos liburuaren irakurleek.

Errotako eraikinean egin zuen liburuaren edizio berriaren aurkezpena. Izan ere, hiru atal gehitu dizkio Izagirrek liburuari.

Libros del K.O. argitaletxeko Emilio Sanchez madrildarra aurkezpenean izan zen, eta bien arteko harremana nola sortu zen azaldu zuen: «Liburuaren lehen bertsioa bidali zidanean, liluratuta geratu nintzen, eta lan horrek argitaratua izatea merezi zuela pentsatu nuen».

Txantxa moduan, Izagirrek, Donostiatik Madrilera bizikletan joango zela esan zion, argitalpenaren harira, baina Plomotour deiturikoa sortu dute azkenean, liburua hainbat herritan aurkezteko. Ander Izagirrek, Pello Ruiz-Cabestany bidelagun izango du ibilbidean, beste lagunbatzuekin batera.

Tour-eko ilusioak paperean

Ande Izagirrek, Frantziako Tour-a txiki-txikitatik ezagutu izan duela nabarmendu zuen: «Tour-ak sortzen zizkidan amets eta ilusioak islatu nahi izan ditut liburuan, baina baita lasterketa beste ikuspuntu batetik kontatu ere».

Bide horretan, duela ehun urteko arau zorrotzak, beti bigarren postua lortu izan dutenen arrakasta, Lance Amstrong-i eskainitako atala eta antzekoak izango dira hizpide liburuan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!