Eragileen mahai ingurua egingo dute hondakinen lantaldeko lehen fasea amaitzeko

Itzea Urkizu Arsuaga 2012ko ekainaren 6a

Gaur amaituko da, Tolosako Udalak antolatutako hondakinen kudeaketarako lantaldearen lehen fasea, eragileen arteko mahai inguru batekin.

Lau bilera egin dituzte, guztira, orain arte. Lehenengoan, gaur egungo errealitatea eta egoera aztertu zuten, gaia oinarri-oinarritik heltze aldera. Bigarren saioan, berriz, Gipuzkoa osoan hondakinen gaian bizi duen egoera izan zuten hizpide bertaratutako hizlari eta eragileek. Hirugarren bileran, hondakinen bilketarako dauden hainbat eredu azaldu zituzten.

Pasa den maiatzaren 23an izan zen, laugarren saioa; hondakinen kudeaketaren gaia ekonomiaren ikuspegitik jorratu zuten saio hartan.

Batetik, Tolosako Udaleko kontu-hartzailetzako teknikariak aritu ziren hizketan: besteak beste, gaur egun, Tolosan, hondakinen kudeaketak aurrekontu osoaren %5a hartzen duela azaldu zuten, 1.300.000 euro inguru, alegia.

Bilera berean, ordea, Xabier Olano ere hizlarietako bat izan zen. Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun Zuzendaria da bera, eta hainbat bilketa ereduren arteko kostuen alderatzea aztertzen zuen txostena aurkeztu zien bertaratuei. Besteak beste, hondakinak atez ate jasotzen diren herrietan bilketa gastuak igo egiten direla berretsi zuen arren, tratamentu gastuetan sortzen den beherapenarekin igoera hori «erraz» orekatzen dela nabarmendu zuen Olano  Ogasun Zuzendariak.

Era berean, birziklagarria den material gehiago jasotzeak, diru sarrerak handitzea dakarrela ere azaldu zuen; zabortegietara bideratutako materiala gutxituz, gastuak ere «asko» jaisten direla nabarmendu zuen.

Azkenik, Tolosako Mankomunitateko teknikariak, gaur egun bilketa nahiz tratamentu gastuak nahiko parekatuta daudela nabarmendu zuen lan taldeko saioan.

 

Iritziak biltzeko garaia

Aurreko lau saioetako informazioa kontuan izanda, lan taldean parte hartu duten eragileen iritziak biltzea izango da, gaur, 19:00etan, pleno aretoan izango den azken bileraren helbururik behinena.

Lehen fasea amaitzeko, mahai ingurua egingo dute, beraz, eragileetako kideen artean, eta bakoitzak, bilketa sistemen inguruan, Tolosarako eredurik egokienaren inguruan, derrigorrezko ala borondatezko bilketa sistemen inguruan nahiz lortu beharreko birziklatze tasaren inguruak bere iritzia azaldu beharko du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!