Lanean euskaraz egin ahal izateko NEL ikastaroa antolatu du udalak

Imanol Garcia Landa 2012ko ekainaren 5a

Tolosako Udalak NEL (Nik ere Euskaraz Lanean) ikastaroa antolatu du, ostalaritzan eta merkataritzan aritzen diren langileek lanean euskaraz egin ahal izateko trebatzeko. Egitasmoaren aurkezpenean Inaki Irazabalbeitia Hezkuntza eta Hizkuntza Politikako zinegotzia, Petra Elser Banaiz Bagara elkarteko kidea, Eider Alustiza Emun-eko kidea eta Kristina Morales Immigrazio teknikaria izan dira.

Irazabalbeitiak azaldu duenez, «programa berritzailea da». Tolosa eta Tolosaldea inguru euskalduna izanik, «egokia eta beharrezkoa iruditzen zaigu azken urteotan eskualdera etorri diren pertsona horiek euskarara eta euskal kulturara hurbiltzea», azaldu du zinegotziak. «Batetik, erosago sentitu daitezen, euskaraz egiteko gaitasuna izatea eta ez sentitzea aparte gure gizartean, eta, bestalde, euskararen geroa ziurtatzeko». Programak ezaugarri garrantzitsu bat duela nabarmendu du Irazabalbeitiak: «Lana eta euskara lotzen ditu». Euskara «lanean aritzeko garrantzitsua da eta leku askotan beharrezkoa da eta erreztu egiten du euskarara hurbiltzeko», gaineratu du zinegotziak.

Petra Elser-ek esan duenez, NEL ikastaroarekin «oztopoak gutxitu» nahi dituzte. «Pertsona askorentzat eta batez ere kanpotik etorri direnentzat, bide oso luzea dirudi erderatik euskararakoa», azaldu du Elser. «Askotan euskararekin lotuta dagoen ideia da ikasi behar duzula zerotik EGAraino, batez ere lan munduaz ari zarenean». Egitasmo horrekin bide praktikoagoa erakusten dute azaldu du. «Pertsona batek behar dituen hitzak eta esamoldeak landu nahi dira», zehaztu du.

Euskararen normalizazioaren barne kokatu dute ikastaroa. «Bezeroak erosketak edo zerbitzuak euskaraz jaso ahal izango ditu», azaldu du Elser-ek. Parte hartzaileen perfila irekia da, bereziki etorkinen beharrei eta aldi berean, orokorrean euskaraz ez dakitenei zuzenduta dago.

Bi talde egin dira, horietako bat langileei begira, eta bestea enplegatzaileentzat. Langileei zuzendutakoak 14 saio ditu eta enplegatzaileentzat denak 5 saio. Ikastaroaren hasiera hilaren 12an izango da, eta izena eman nahi dutenek udalaren euskara departamendura deitu behar dute, 943 697453 zenbakira.

Eider Alustizak nabarmendu duenez, ikastaro praktikoa izango da: «Lanerako behar duten euskara horixe landuko da. Printzipioz ulermena lantzeko, gutxienez euskaraz egiten duen bezeroari ulertzeko zer eskatzen duen. Idealizatzen hasita, zer hobeto euskaraz erantzuten ikasten badu». Ikastaroa elkarte gastronomiko batean egitea pentsatu dute, are praktikoago egiteko.

Bestalde, hizkuntzarekiko jarrera landuko dute. «Hemengo errealitatea erakutsi nahi dugu», esan du Alustizak. «Erakutsi nahi dugu zergatik ari garen hainbeste herritar euskararen garapenean lanean». Horrekin batera, ikastaroa egiten duenaren hizkuntzarekiko duen ibilbidea landu nahi dute, «guk ere eurena ulertzeko. Nolabaiteko enpatia sortu nahi da guztion artean», gaineratu du Alustizak.

Esan bezala, langileei zuzendutako ikastaroan oinarrizko hizkuntza tresnak ikasiko dira, eta enplegatzaileei zuzendutakoan, ikasten ari den langileari prozesu hori errazteko nola lagundu ikasiko dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!