Tolosako Bilduk Europako Parlamentuak berriki erraustegi eta zabortegiak debekatzearen alde hartutako jarrera ekarri du gogora, agerraldi batean. Zentzu honetan, Eider Olazar Elduaienek azaldutakoaren arabera, «Europako Parlamentuak ere etorkizuna non dagoen argi eta garbi azaldu du». «Ebazpena 2020rako erraustegiek eta zabortegiek gradualki desagertu behar direla adierazten du, eta Europar Komisioari 2014 baino lehenago ekimen legalak hartzeko eskatu dio. Europarlamentarien arabera, hondakinak lehengaiak dira, eta Europako ekonomia suspertzeko birziklapena lehenetsi behar da», gaineratu du.
Horiek horrela, Tolosako Bilduk «Tolosa norabide onean» doala azaldu du: «Gure aldetik esan behar dugu, Gipuzkoa osoan bezala, Tolosan ere norabide onean goazela, eta udal zein mankomunitateetan zentzu horretan pauso ugari ematen ari garela».
Alderdi politikoak ez Tolosan, eta ezta Zubietan ere, ez dela erraustegirik eraiki behar nabarmendu du, eta horregatik «oso begi onez» ikusten du Europako Parlamentuak hartutako erabakia.
Erraustegia eraikitzearen kontra egoteko arrazoiak ere azaldu ditu Bilduk: «Gure osasunerako onena delako, Europa eta Gipuzkoako ekonomiarako onena delako eta, azken finean, zentzuzko erabakia delako».
Izan ere, errauskailuak oso garestiak direla esan dute eta baita lehengaiak erretzen dituela ere, eta hortaz, «hondakinak erretzen baditugu ez ditugu berriro ziklo ekonomikoan sartuko, eta dirua galtzen egongo gara». «Birziklapenean oinarritutako ekonomiak sekulako aukerak ematen ditu Gipuzkoako ekonomia suspertzen laguntzeko, eta krisi sistemikoko egoera honetan ezin dugu aukera hau alperrik pasatzen utzi», gaineratu dute.
Tolosako Bildu gaikako bilketa eta birziklapenaren aldeko apustuarekin egin du bat, arazoa ezin baita «alfonbraren azpian gorde. Hondakinen kudeaketa arduratsua egitea beharrezkoa da, eta zikloan berriz sartu».
Tolosaldeari dagokionez, alderdiak eskualdean ere %80 birziklapen tasak lortzeko lana egin behar dela esan du, «goazen adostera ea nola lortzen dugun».
«Gipuzkoan, denera, 88 herritatik jada 52 ari gara etorkizunera begira eta, laster, seguru asko, beste asko etorriko dira, gauzak ondo egin nahi ditugulako», gaineratu dute. Horiek horrela, 2013. urtean zehar, gaikako bilketa Tolosako etxebizitza, denda, merkatalgune eta enpresentzat betebehar bilakatzeko bidean jarri nahi dute: «Modu honetan zero zabor filosofiarekin erabat txertaturiko ekimena izango da geurea. Zaborren arazoa ez da estetikoa batzuk ikusarazi nahi diguten moduan. Herritar guztioi eragiten digun osasun, ekonomia eta ingurumenarekin lotutako arazoa dugu».