Larramendi Bizirik elkarteak batzar irekia egin du kultur etxean, Tolosako Larramendi auzoaren etorkizunari buruzko bere ikuspegia emateko. Ekainaren 9rako festatxo bat antolatu dute, auzoan bertan, etorkizuneko Larramendi irudikatzeko. Horretarako, batzarrean orri batzuk banatu dituzte, eta horietan bakoitzak auzoa nolakoa izan nahi duen marrazteko gonbitea egin dute. Ekainaren 9an auzotar guztiak joateko deialdia egin dute, bai proiektu batean edo bestearen alde daudenak. Baimena eskatu dute obrak babesteko egun jarrita dauden hesiak margotzeko, hau da, aurretik orrietan irudikatu dena bertan jartzeko.
Batzar irekian, auzokideekin eta oro har herritarrekin zuzenean elkarbanatu nahi izan dute auzoari buruzko bere iritzia Larramendi Bizirik elkarteak. Ekainaren 16an egingo den kontsultaren harira, lurperatzearen proiektuaren (A proiektua) aurka zergatik dauden azaldu dute, eta B proiektuaren aldeko arrazoia zehaztu dituzte.Elkarteak gonbitea egin du auzotarrei informatzeko eta ekainaren 16ko kontsultan parte hartzeko. Elkarteko kideek behin eta berriz nabarmendu zuten "lotarako auzorik" ez dutela nahi, eta hori ez gertatzeko B proiektuaren alde egiteko eskaria egin dute.