Manu Azkarate preso ohi tolosarraren aurkako euroagindua onartu du Paueko epaitegiak, Azkarate berak Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariari azaldu dionez. Atzo jakinarazi zioten epaia, eta arratsaldean abokatuarekin hitz egin zuen, eta helegitea ostiral honetan bertan Paueko epaitegian jarriko duela esan du: «Epaia aztertzen egon naiz abokatuarekin, eta estradizioa atzera botatzeko, osasun egoera nahikoa ez dela jartzen du bertan; Auzitegi Nazionalaren argudioak ontzat ematen ditu. Ostiral honetan idatzi bat sartuko dut Paueko epaitegian, helegite moduan. Ondoren, gutxienez bi hilabete pasako dira, eta eurek esaten dutenean, berriro Paueko epaitegira joan beharko dut, bista moduko batetara».
Helegite hori epaitegiak atzera botatzen badu, bigarren helegite bat sartzeko aukera izango luke, hilabeteko epean, Azkaratek. «Kasu honetan, behin hilabete hori pasata eta nahiz eta bigarren helegitea jarrita izan, epaia exekutatzeko aukera izango lukete, hau da, atxilotu eta estraditatzeko arriskuan egongo nintzateke», adierazi du tolosarrak.
Martxoaren 7an atxilotu zuten
Espainiak Azkarateren aurkako estradizio eskaria egin zion Frantziako justiziari, eta honen ondorioz, Frantziako poliziak Ziburun atxilotu zuen Manu Azkarate 2012ko martxoaren 7an. Egun berean aske gelditu zen, baina justiziaren eta poliziaren kontrolpean.
Maiatzaren 5ean Paueko epaitegian aurkeztu zen, euroaginduaren inguruko epaiketan. Epaiaren zain gelditu zen tolosarra, orduan. Orain, epaitegiak Espainiako gobernuaren eta fiskalaren eskariari men egin dio.