Tolosako Larramendi auzoko parte hartze prozesua burutzen ari den talde eragileak aurreikusi du bozka ordezkaritza edo delegazioa, bozketaren egunean bertan egoterik izango ez duten auzotarrentzat. Ekainaren 16an, larunbata, egingo da kontsulta.
Bozkaren ordezkaritzak zenbait baldintza izango ditu. Esaterako, pertsona batek gehienez beste baten ordezkaritza jaso dezake. Hau da, pertsona batek gehienez bere bozka eta ordezkatzen duen pertsonarena eman dezake, aldez aurretik bakoitzaren egiaztagiria agertuta.
Ordezkari gisa jarduteko, bere burua behar bezala identifikatuta agertu beharko du hautes mahaira (EHNA, DNI, pasaportea, gida baimena,...); gainera, ezinbestekoak izango ditu ordezkatzen duen pertsonaren nortasun agiriren baten fotokopia eta udalak bidalitako egiaztagiri orijinala.
Bozka ordezkaritza egiteko epeak ere zehaztu dituzte. Ekainaren 1a bitartean, udaletxeko 3. solairuan (IKHA) agertu beharko du pertsona interesatuak, 08:00etatik 14:00etara bitartean. Bertan jaso ahal izango du egiaztagiria, bozka paperak, ordezkaritza egiteko inprimakia, eta abar.
Ekainaren 4a eta 8a bitartean, bozka emateko dokumentazioa postaz jasoko dute etxean, auzotarrek, aldez aurretik bozka ordezkaritza udaletxean eskatu dutenek izan ezik. Ekainaren 8tik 15era, behin egiaztagiria eskuetan, ordezkaritza nahi duenak bere kabuz egin dezake, ordezkari gisa aukeratzen duen pertsonarekin adostuta.
Bestalde, aste honetan Larramendi auzoan bilerak eta bisita gidatuak ere egiten ari dira; bihar, 09:30ean, 15:00etan eta 19:00etan, bilduko dira eta larunbatean, 09:00etan, 11:00etan eta 13:00etan, hasiko dira bilerak Arkaute etxean.
EAJ, udalarekin kritiko
Azken osoko bilkuran, EAJk Larramendi auzoari buruz atera den argitalpena eta ekainaren 16an egingo den kontsulta izan zituen hizpide galderen eta erreguen tartean. EAJri kontsulta ez zaio egokia iruditzen, eta, bestalde, ez du garbi ikusten kontsultan parte hartzeko erroldatuta egon beharreko irizpidea: «Partaidetza nahi da sustatu eta bizi direnen eta biziko direnen parte hartzea nahi da bideratu; erroldatutakoen irizpidea bada soilik, ezina da, alkateak dioen eran, ‘bizitzera etorriko direnen’ iritzia jasotzea. Badira zenbait bizilagun, etxebizitza eraikitzen ari direnen kasuan, ezin izango dutenak bozkatu, ez baitaude erroldatuak, eta hau ez zaigu bidezkoa iruditzen». Bestalde, etxearen jabe direnak eta ez direnak bertan bizi, horiek ez dutela lekurik prozesu horretan salatu dute jeltzaleek. «Gauza berdina gertatzen da hor bertan lokalen jabe direnekin, horiek ere zeresana izan beharko lukete ere , eta baztertuak daude», gaineratu dute.
Horrez gain, kontsulta burutzeko «zer-nolako kontrol mekanismoak» jarriko diren jakin nahi dute, «prozesua normaltasunez eta berme guztiekin egiteko».
Larramendi Bizirik-en deialdia
Larramendi Bizirik elkarteak batzar irekia antolatu du, gaurko, 19:30ean, kultur etxean. Larramendi auzoko bizilagunak eta tolosarrak orokorren deitu ditu parte hartzera. Batzarrean, alde batetik, elkartea zergatik sortu den azalduko dute. Bestetik, lurperatzearen aurka egotearen arrazoiak azalduko dituzte, eta B proposamenaren alde zergatik dauden zehaztuko dute. Azkenik, parte hartzeari eta herri galdeketari buruzko iritzia emango dute, eta galdera eta eskaeren tartea irekiko dute.
Horrez gain, ekainaren 9rako ekitaldi bat antolatu dute auzoan, Zer nolako auzoa irudikatzen duzu izenburupean. Bertan, «auzotarren beharrak, nahiak eta ilusioak» islatuko dituzte.