Egoitz Zalakainek hamaikagarren egin du Half Challenge proban

Ataria 2012ko maiatzaren 30a

Pasa den asteburuan Bartzelonako Calella herrian (Herrialde Katalanak) Half Challenge Barcelona proba ospatu zen, eta Egoitz Zalakain Tolosako kirolaria 11. helmugaratu zen.

Iron man erdi distantziako lasterketan parte hartu zuen tolosarrak, hau da, 1, 9 kilometro egin zituen igeri, 90 kilometro bizikletaz eta 21 kilometro korrika. Espainiako probarik garrantzitsuena da Bartzelonakoa.

1.700 parte hartzaile

Guztira 1.700 kirolarik hartu zuten parte, gehienak atzerritarrak, eta tartean era honetako probak egiten aritutako maila handiko parte hartzaile asko izan ziren. Tolosarrari dagokionez, Egoitz Zalakain Atletico San Sebastian taldearekin aritu zen, eta lasterketa amaieran, korrikako 10. kilometroan, 8. postua izan zuen eskura, baina azkenean Ouilleres frantziarrak, Patrcevic kroaziarrak eta Zeelanda Berriko Elveryk atzean utzi eta 11. postuan helmugaratu zen.

Bermeoko triatloia

Tolosaldeko triatloilariak oso emaitza ona lortzen ari dira. Maiatzaren 5ko Bermeoko triatloian esaterako, Atletico San Sebastian taldeko Aimar Agirresarobek eta Ilazki zein Egoitz Zalakainek parte hartu zuten, eta oso lan txukuna egin zuten.

Egoitz Zalakain bigarren helmugaratu zen, Agirresarobe hamargarren eta Ilazki Zalakain, hamairugarren. Hiruren lanari esker taldekako sailkapena eskuratu zuten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!