Manu Azkarate preso ohiaren aurkako euroagindua onartu du Paueko epaitegiak, Manu Azkarate berak Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza egunkariari azaldu dionez. Arratsaldean abokatuarekin egon da hizketan, eta helegitea ostiral honetan bertan jarriko du Paueko epaitegian: "Epaia aztertzen egon naiz abokatuarekin, eta estradizioa atzera botatzeko, osasun egoera nahikoa ez dela jartzen du bertan; Auzitegi Nazionalaren argudioak ontzat ematen ditu. Ostiral honetan idatzi bat sartuko dut Paueko epaitegian, helegite moduan. Ondoren, gutxienez bi hilabete pasako dira, eta eurek esaten dutenean, berriro Paueko epaitegira joan beharko dut, bista moduko batetara. Helegite hau atzera botatzen badute, bigarren helegite bat sartzeko aukera izango nuke hilabeteko epean. Kasu honetan, behin hilabete hori pasata eta nahiz eta bigarren helegitea jarrita izan, epaia ejekutatzeko aukera izango lukete, hau da, atxilotu eta estraditatzeko arriskuan egongo nintzateke".
Espainiak tolosarraren aurkako estradizio eskaria egin zion Frantziako justiziari, eta honen ondorioz, Frantziako poliziak Ziburun atxilotu zuen Manu Azkarate 2012ko martxoaren 7an. Egun berean aske gelditu zen, baina justiziaren eta poliziaren kontrolpean. Maiatzaren 5ean Paueko epaitegian aurkeztu zen, euroaginduaren inguruko epaiketan. Epaiaren zain gelditu zen tolosarra, orduan. Gaur azaldu duenez, epaitegiak Espainiako gobernuaren eta fiskalaren eskariari men egin dio.