Tolosako azken osoko bilkuran hainbat mozio aztertu ziren. Horietan lehenengoa Lehiberri finantzatzeko diru laguntzari buruzkoa izan zen. Madrilgo Gobernuari Lehiberri martxan jartzeko adostutako diruaren bigarren zatia eskatu zuten mozioan, hau da, milioi bat euro. Zinegotzi guztiek eman zioten aldeko bozka mozioari. Diru laguntza hori ez jasotzeak Tolosaldea Garatzen ia zordunen lehiaketa batera eraman duela azaldu zuen Ibai Iriarte alkateak. Hori ez gertatzeko, Diputazioak 400.000 euro eman dituela nabarmendu zuen Iriartek, eta laguntza hori eskertu zuen. Bere garaian bi milioiko diru laguntza adostu zuten Madrilgo eta Gasteizko gobernuen artean, eta horietatik bakarra jaso dute.
Laikotasuna izan zen osoko bilkuran jorratu zuten beste gai bat. Bildu udal taldeak aurkeztu zuen udalak adierazpen instituzional gisa onartzeko testua. Besteak beste, udalak administrazioaren eremu guztietan «laikotasun printzipioa errespetatzeko konpromisoa» hartzen duela zehazten zen testuan.
Gaiak eztabaida piztu zuen. EAJk adierazpena atzera botatzea eskatu zuen. Alderdi jeltzalearen iritziz, udal adierazpena «inposizioa» izan da eta «ez da inolako eztabaidarik izan». Testuak ez duela biderik uzten interpretazioetarako esan zuen: «Batetik, [udalak] ez du parte hartuko ekitaldi erlijiosoetan, eta bi, udal zinegotziek bere ordezkaritza instituzionalaz baliatuko dira soilik udalak horrela erabakitzen duenean». PSE-EEk, bere aldetik, bat egin zuen adierazpenen oinarriekin, baina mozioaren 3. eta 4. puntuak, udalaren parte hartzearekin zerikusia dutenak, adierazpenetik kanpo uztea eskatu zuen, eta udalak zein ekitalditan parte hartuko duen eta zeinetan ez zehazteko eztabaida irekitzea proposatu zuen.
Bilduk zein Aralarrek adierazpenean printzipioez hitz egiten dela esan zuten. Udalak zein ekitaldietan parte hartuko duen dagokion lekuetan eztabaidatuko dela esan zuen Iriartek, eta, esaterako, San Joan jaietako ekitaldien inguruan festa batzordean hitz egiten ari direla esan zuen.
Azkenean, adierazpena onartu zen Bildu eta Aralarren aldeko bozkekin. EAJk kontrakoa bozkatu zuen eta PSE-EE abstenitu egin zen. Erregu eta galderen tartean gaia ere berriro izan zen hizpide, eta Edurne Mendia Kultura eta Festen zinegotziak, Olatz Peon EAJko zinegotziari erantzunez, laikotasunari buruzko adierazpena dela-eta udala ez dela San Joan jaietako meza ospakizunetan izango azaldu zuen.
Errepublikaren gaia ere izan zen hizpide, Foro Errepublikarrak aurkeztu zituen bi mozio eztabaidatu baitziren. Lehenengoan, Prozesu eratzaile baten alde III. Errepublika aldera izenekoa, EAJren eta Aralarren aldeko bozkekin onartu zen. Bildu abstenitu egin zen, Espainiako Estatuak izan dezakeen izaera politikoari begiratu gabe, Euskal Herriko autodeterminazioa duela helburu esanez. PSE-EEk kontra bozkatu zuen, mozioarekin Errepublikaren aldeko aldarria baino, autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen zela argudiatuz.
Bigarren mozioa Errepublikaren oroitzapena berreskuratzeko eta 1936ko estatu kolpearen eta diktaduraren biktimei ohore emateko aurkeztu zuten. PSE-EEren aldetik beste mozio bat aurkeztu zen, zenbait aldaketa eginez. Alderdi horretako Jose Ignacio Asensio zinegotziak 1936 urtean Errepublikaren alde altxatu zirenak gogoan hartzea eskatu zuen, eta ez bakarrik urte horretan zegoen udalbatzako kideak. Bilduko eta Aralarreko ordezkariek tarte bat hartu zuten eztabaidarako eta bat egitea erabaki zuten PSE-EEren mozioarekin. EAJk ere aurretik aldeko iritzia agertu zuen, eta beraz, zinegotzi guztien aldeko bozkarekin onartu zen.
Foro Errepublikarrak eskertu zuen «alderdi guztiek egindako esfortzua» denen artean mozio bat onartzeko eta 1936ko gerran zein diktaduran hildakoak «denenak» direla esan zuen.