Lask abesbatzako gaztetxoen musika eta Udaberri dantza taldeko ikasleen pausoak, Alami, hosto baten hegaldia ipuin musikatuan elkartuko dira, igande honetan, Leidor aretoan eskainiko duten emanaldian.
Beste hainbat talderen moduan, Udaberriko ikasleek ere, lauzpabost urte daramatzate ikasturte amaierako emanaldia eskainiz. Azken urteotan, Tolosako Eduardo Mokoroa musika eskolako ikasleen banda izan dute bidelagun; aurten, ordea, nolabaiteko aldaketa baten bila, Laskorain ikastolako Lask abesbatzarekin aritu dira elkarlanean.
Bi taldeek, «euskal dantza eta musika aitzakiatzat hartuta», haur eta gaztetxoekin kultura, aniztasuna eta harreman sareak lantzea helburu dituztenez, asmo bertsu horien harira sortu zen emanaldia elkarlanean prestatzeko ideia; eta horretan dihardute azken bi hilabeteotan.
Hosto baten ipuina oholtzan
Igande honetan, 12:00etan hasiko da, Leidor aretoan, ikuskizuna. Alami, hosto baten hegaldia, «dantza edo kantu ikuskizun soila baino zerbait gehiago» dela nabarmendu nahi izan dute antolatzaileek: «Norberak berea egin, eta eszenatokian txandakatzeaz harago, benetako elkarlanaren bila joan gara, eta lortu dugula uste dugu».
Horrela, Josu Elberdin musikari pasaitarraren lana oinarri hartu dute, emanaldiaren muina izango den istorioaren haria gidatzeko. Alami hostoa izango da protagonista, eta naturako hainbat elementurekin topo egingo du bere hegaldian: itsasoa, inurriak, sorginak, ... «Bere obra oso egokia iruditu zitzaigunez, gure beharren arabera luzatu egin dugu zenbait zatitan, abesbatza, dantza eta oholtzako elementuak Leidorreko emanaldirako moldatuz», diote antolatzaileek. Horrela, beraz, ipuin musikatu batez gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek.
Belaunaldi berriekin lanean
Azkenaldian burutu dituzten jardueren eta lanaren ondorio, suspertu eta indarra hartu duen abesbatza da Lask: «Emanaldian ariko diren 40 gaztetxo inguruz gain, talde txikiagoak ere badira, eta hainbat proiektutan buru-belarri dabiltza: argitaratu berri duten Yau Samayaye diskoa, Et Incarnatus orkestrarekin eta Unai Elorriagarekin eskainitako kontzertua nahiz elkartrukeak», diote antolatzaileek.
Bide beretik, Udaberriko dantza ikastaroetan ere, 4 eta 14 urte bitarteko 110 haur eta gaztetxo elkartzen dira, ostiralero. «Horrek, urtean zehar hainbat jardueretan parte hartzeko bide ematen die; besteak beste, Tolosan ospatzen ditugun bi dantzari txikietan, eskualdeko nahiz Euskal Herriko beste herrietan egiten direnetan, hemendik kanpoko taldeekin prestatutako ekitaldietan, edo hizpide dugun Leidorreko emanaldia bezalakoetan», diote dantza taldeko kideek.
Sarrerak leihatilan salgai izango dira, ohiko ordutegietan; helduek 4 euro ordaindu beharko dute, eta gaztetxoenek, berriz, 2 euro. Lask abesbatzako kideek nahiz Udaberrikoek, zahar, heldu, gazte eta haurrak gonbidatu nahi izan dituzte emanaldira: «Ikuskizun desberdin, polit eta samurraz gozatzeko aukera izango da».
Irudia berritu du Udaberri dantza taldeak
Taldeak bere ibilbidea hasi zuenez geroztik 55 urte pasa dira, eta egungo kideek, irudia berritzeko erabakia hartu zuten urte hasieran.
Helburua lortzeko bidean, logotipo lehiaketa antolatu zuten, eta deialdia zabaldu ondoren, Ibai Lazkano eibartarra suertatu da irabazlea. Horrela azaldu du egileak irudia: «Udaberri Tolosako taldea dela adierazteaz gain, Udaberri izenari ere aipamen txikia egiten dio, izan ere, lore baten itxura du baldosak; alaitasuna eta gaztetasuna transmititzen ere laguntzen du. Bestalde, goitik begiratutako dantzari batzuk direla irudituko zaio zenbaiti».