46 hautagairen artean, Silletto saria jasotzeko aukeratua izan da asteburuan, Tolosako museoa
Topic zentroak Silletto saria jaso berri du, European Museum Forum elkarteak urtero antolatzen duen Europako urteko museo onenaren sariketan; Europako lau museorik onenean artean jarri du, sariak, Topic.
Guztira, 46 museo izan dira hautagai, pasa den asteburuan Penagfielen (Portugal) ospatu duten mintegian, eta lau izan dira banatutako sariak: Europako aurtengo museo onenaren saria, Council of Europe saria, Kenneth Hudson saria eta Topic zentroak jaso duen Silletto saria. Sari honek, azken bi urteotan, museoak bere inguruko komunitatearekin harreman sakon eta emankorrena izan duen museoaren lana hartzen du aintzat.
Epaimahaikideen ustez, «museoak, txotxongiloen magiaren bitartez, herri txiki bat mundura zabaltzea lortu du», eta «dokumentazioa, ikerketa, erakusketak eta hezkuntza elkartuz, eta mundu guztiarekin lan eginez, Topic haurrengana, helduengana eta publiko bereziarengana ere zuzendu da».
Saridun suertatu diren Europako gainontzeko museoak, Cordobako (Espainia) Madinat al-Zahra Museoa -Europako Urteko Museoa, sari nagusia-, Koloniako (Alemania) Rautenstrauch Joest Museoa -Europako Kontseiluko Saria- eta Dublingo (Irlanda) Glasnevin Museoa -Kenneth Hudson Saria- izan dira.