Aldaketa politikoen aldeko indarrek metatzen jarraitzen dutela nabarmenduko dute
«Aldarrikapena eta festa uztartuz», Tolosako Bilduren Ametsak Pilatuz ekitaldi politikoa izango da gaur, 20:00etan; Trianguloa plazan edo Zerkausian egingo dute, eguraldiaren arabera.
Iazko maiatzaren 22an, udal eta foru hauteskundeetan Bildu koalizioak jasotako babesa gogora ekarriko du gaur: «Bazterketara kondenatu nahi gintuztenen aurrean, milaka ahots, milaka borondate, milaka amets lerrokatu ziren Bildu erakundeetara goratzeko». Bide honetan, «aldaketarako apustua» egin zutela nabarmendu du Tolosako Bilduk: «Bakea eraikitzeko erabaki sendoa hartu genuen, eta herri, auzo eta hirietan demokrazia eta parte hartze guneak eraiki nahi izan genituen».
Duela urte betekoa gogora ekartzearekin batera, ordea, aldarrikapenari ere tartea egin nahi izan diote Bilduko kideek. «Bagenekien bidea ez zela erraza izango», diote. «Tamalez, gaur ere, orain urte bete bezala, belaunikaturik mantendu nahi gaituzten horien aldetik, ezarritako traba politiko, ekonomiko eta judizialak etengabeak dira».
Honen aurrean, «eragozpenak eragozpen», geratzeko edo atzera egiteko asmorik ez dutela nabarmendu nahi izan dute, beren «erronka berriak» argi utziz: «Adostasun politikoak zabaldu ditugu. Euskal Herrian aldaketa politiko eta sozialen aldeko aukera politikoak, indarrak metatzen jarraitzen du. Bildu hasiera zen, Amaiurrekin hazi egin zen, eta orain akordio berriak zabaltzeko determinazioa hartu dugu». Horrela beraz, «Gasteizko Legebiltzarrerako datozen hauteskundeetan ere, irabazteko asmoz» lehiatuko direla azpimarratu dute.
Aldarrikatzeko festa
Gaur, 20:00etan hasiko den ekitaldi politikoan, Ibai Iriarte Tolosako alkateaz gain, Aitziber Sarasola nafar parlamentaria eta Onintza Lasa ere ariko dira hizlari moduan.
Horrekin batera, olerki errezitaldi-dantzaldia eta musika ere izango direla azaldu dute antolatzaileek: «Lehenengo urtemuga honetan, orduko konpromisoa biziberritu nahi duten herritar guztiei, aldarrikapena eta festa uztartuz egingo dugun ekitaldian parte hartzeko deia luzatu nahi diegu».