Zaborraren kudeaketa dugu herritarren hizpide Tolosako kaleetan eta txokoetan. Udalak bultzatuta lantalde bat ari da gaiaz informazioa biltzen. Hainbat alderdi politikok hitzaldiak antolatu dituzte. Zero Zabor taldea eratu berri da Tolosan.
Aurrerantzean nola bilduko dugu tolosarrok zaborra? Ba, denok erabakitzen dugun bezala. Tolosako arduradun politikoek eta tolosarrek erabaki behar dute zein den Tolosan zaborra biltzeko modurik egokiena. Arduradun politikoek zein herritarrek izan behar dute hitza eta erabakimena.
Alabaina, egoki biltzearekin ez da zaborraren kudeaketaren arazoa amaitzen: gutxiago sortu behar dugu eta birziklatu ondoren beti gelditzen den errefusa tratatu egin behar da. Gutxiago sortzeko legegileek eta arduradun politikoek beharrezko neurri legalak jarri behar dituzte. Dena den, herritarrok ere lagun dezakegu bide horretan egunerokotasunetik: utzi dendaren hozkailuan kartoian jantzitako jogurtak eta biluzik datozenak hartu!
Zaborra sortzen dugu hala ere. Nola kudeatu? Helburuan denok ados jar gaitezkeela uste dugu: zaborra ezin da bere horretan zoko batera bota eta ahaztu; duen baliozko guztia erauzi behar zaio. Horretarako gaika bildu behar dela inork ez du zalantzan jartzen. Zenbat eta gehiago gaika bildu orduan eta gutxiago botako dugu zokora. Hortaz, Aralarren ustez zaborra gaika biltzeak ez du aukera pertsonala izan behar, herritarron betekizun halabeharrezkoa baizik; autoan uhala janztea edo bidean eskuineko aldetik gidatzea bezala.
Hori nola egin izan behar du eztabaidak: eztabaida patxadatsua, behar duen denbora hartuta eta inor bidean utzi gabe. Tolosar gehiengo zabal batek onartzeko moduko zabor bilketa adostu behar dugu.
Aralarren ustez Itsasondo aplikatzen ari den moduko bilketa sistema edo horren aldaera bat izan daiteke modurik egokiena Tolosan gaikako bilketa ezinbesteko bilakatzeko, egungo bilketa sistemarekiko aldaketa txikia delako. Edukiontzien bidez egiten da bilketa nagusiki, baita materia organikoarena ere. Atez ate biltzen den frakzio bakarra errefusa da. Bilketa sistema horrek oraingo azpiegiturak erabiltzeko modua ere posible egiten du. Dena dela, beste aukera batzuk ere egon litezke.
Jakitun gara bestalde, Tolosako auzoak ez direla guztiak berdinak ez biztanle dentsitatez ezta egituraz ere eta, ondorioz, bilketa sistema bat baino gehiago ezar daitezke aldi berean.
Helburua ados jartzen bagara, bidean ere ados jartzea ez zaio Aralarri oso zaila iruditzen.
Bazter batera laga dugu, nahita, berrerabili eta birziklatu ezin den frakzioa (%15-20 bitartekoa) tratatzearen eztabaida jakitun garelako, batetik, bilketa sistema edozein delarik ere konponbidea bilatu beharko zaiola eta, bestetik, Tolosarron erabaki-esparru zuzenetik kanpo dagoelako erabaki hori.
Zigor Agirrezabala eta Inaki Irazabalbeitia. Tolosako Aralar.