Gutuna: Etorkizuna eta erantzukizuna

tolosa 2012ko maiatzaren 17a

Hiru eguneko tartean jakin dugu, batetik, Europako Parlamentua «zabortegiak eta erraustegiak kentzearen alde» dagoela (http://www.gipuzkoazz.com/zerozabor/?p=3150) eta, bestetik, Ingurumen Ministerioaren iritziz «eredugarria» dela  Usurbilgo «atez atekoa» (http://www.gipuzkoazz.com/zerozabor/?p=3104).  Halere, XXI. mendean sartuta gauden honetan, EAJk jarrera atzerakoia erakusten du, osasunarekin eta ingurumenarekin solidarioa eta aurrerakoia den ikuspuntutik. EAJk ondo asko badaki, hondakin gutxiago sortzeko politika aktiboak aurrera eramateaz gainera, bi aukera besterik ez daudela: edo arduraz jokatu eta planteatu hondakinak nahitaez gaika sailkatu, bildu eta tratatu behar direla; edo hondakinak bere horretan erraustegira eraman, horrek gure osasunari eta ingurumenari eragin diezaiekeen kaltearekin. Pentsatzen dugu ia inork ez daukala zalantzarik aukera onena zein den. Beraz, hau da kontua: hondakinak gaika sailkatu egin behar direla berrerabiltzeko, birziklatzeko eta merkatu balio bat emateko lehengai bezala; eta ez, aldiz, kudeatu zabortegi batean edo erraustegi batean ezabatu behar den zabor gisara.

Gainera, edozein gizarte modernotan, hondakinen gaikako bilketa gora doan balore bat da. Gure seme-alaben ikastetxeek beren hezkuntza curriculumetan eta programetan garrantzia handia ematen diete kontsumo arduratsuari eta hondakinak birziklatze eta berrerabiltzeari. Hori bada gure gazteentzat nahi dugun heziketa, ezin da ulertu nola politikari batzuek defendatzen dituzten balore horien kontrako politikak. Ezin da ulertu nola EAJk segitzen dituen babesten sufritzen ari garen krisi ekonomiko basati honetara eraman gaituzten politikak.

Kontsultarekin demagogia egitea erraza da, baina EAJren aldetik etorrita, ez da batere sinesgarria. EAJk kontsultatu al du erraustegiaren gainean? Kutsatzen jarraitzeko aukera ezin zaio eman inori, zergak ez ordaintzeko aukera ematen ez zaion bezalaxe. Hori badaki EAJk, baina zaborren aitzakiarekin zalantzan jarri nahi du udal ordezkarien gehiengoak aurrera eraman nahi dituen eztabaida lasaia eta gizarte mailako elkar aditzea. Gehi-engo sozial, politiko eta sindikalak exijitzen digun aldaketa gestionatzeko aukera eta erantzukizuna dauzkagu. Eta ez dugu etsiko. Ezker Abertzaleak islatzen duen gaitasun politiko eta soziala erabat konprometituta dago aldaketa horrekin. Hamaika arrazoi baditugu esateko bide onetik goazela.

Silvana Ostiza, Koldo Maiz eta beste 31 sinatzaile. Tolosa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!